Irailean formazio saioekin hasi ziren Pausoka, Basabeazpi eta Kurtzebarriko irakasleak, eta, esan bezala, orain beste bi ekimen jarri dituzte abian.
Batetik, Motxila txikiak izeneko proiektua dago. Pausukan, bi urteko umetxoen gelan; eta Basabeazpin eta Kurtzebarrin, Haur Hezkuntzako ikasgela bakoitzean, motxila txikia dute. Astean, eguenean edo egubakoitzean, ikaskide batek hartzen du horren ardura, eta gurasoekin batera liburutegira doa eta gustuko duen liburua aukeratzen du. Asteburuan etxean lasai irakurtzeko astia du, eta jarraian, ikasgelara eroaten du, eta gainerako ikaskideei azaltzen die.
Bestetik, 0-3 eta 3-6 urte bitarteko gurasoei zuzendutako Maleten Mailegua dago. Galtzagorrik umetxoendako gomendatutako liburuz eta Bularretik Mintzora edo Sasi guztien gainetik izeneko liburu-diskoz hornituta daude Aretxabaletako liburutegian eskuragai jarritako hamar maleta. Gurasoek hilabeterako etxera maileguan eramateko aukera dute. Horiek eroateko baldintza bakarra liburutegiko bazkide izatea da.