Muturreko klima, buruhauste ez, pasio

Txomin Madina Milikua 2014ko ots. 9a, 00:00

Asier Arantzadik gaztetxotatik du muturreko klimarekiko interesa.
Tornadoak, urakanak, ziklogenesi leherkorrak... Muturreko klimaren adibide diren fenomeno horiek buruhauste eta beldur iturri izaten dira askorentzat, baina ez Asier Arantzadirentzat. Aretxabaletarrarentzat afizio dira, edo, zehatzago esanda, pasio.

"Umetan beldurra ematen zidaten; baina 11-12 urterekin, euri jasetan-eta, kalera joaten nintzen errekak nola zihoazen ikusteko", dio Arantzadik bere zaletasuna noiztik datorren azaltzeko. Liburuak eta aldizkariak zituen orduan informazio iturri, baina Internetekin gauzak erraztu zaizkio: "Munduko edozein lekutan gertatzen diren fenomenoak ikusteko aukera ematen dit; ikusteko, eta ikasteko".

Gaiari buruzko bloga

Tornadoak interesatzen zaizkio gehien: "Ikusgarria da nola eratzen diren eta nolako itxura eta indarra hartzen duten; oso-oso politak dira". Argi uzten du, baina, fenomenoa bera dela gustatzen zaiona, ez eragiten dituen kalteak.

2009a ezkero muturreko klimari eskainitako bloga ere badu (azeklima.blogspot.com), eta bertan, berak ateratako argazkiak, Interneten aurkitutako bideoak eta hainbat fenomenori buruzko azalpenak ematen ditu. Debagoienean ez du ezagutzen bere afizioa duen beste pertsonarik, eta, bere ustez, klimaren inguruan ezjakintasuna erakusten du sarritan jendeak: "Hedabideek-eta ez dituzte gauzak beti zuzen esan eta azaltzen, eta gero, jendeak entzundakoak errepikatzen ditu".

Zarautzen eta Donostian

Joan den asteburuan Euskal Herriko kostaldea astindu zuen Nadja  ziklogenesi leherkorraren ondorioak bertatik bertara ikusi zituen: "Zapatuan Zarautzen izan nintzen argazkiak ateratzen, eta, ustekabean, olatu traidore batek belaunetaraino busti ninduen. Domekan Donostiara joan nintzen, baina, segurtasun kontuengatik, urrutitik jarraitu behar izan nuen gertatzen zena". Datozen egunotarako Ruth ziklogenesia dago iragarrita, eta Asier Arantzadik badu asmoa kostaldera joateko. Bere ametsa, baina, Ameriketako Estatu Batuetara joatea da: "Apiril-maiatza aldera, tornado garaian,  haien jarraipena egiteko bidaiak egoten dira". Errealitate bihurtzeko bidean den ametsa, horretarako aurrezten dabil-eta. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak