Hip Hop, breakdance eta DJak martxoaren 8ari bultzada emateko

Jagoba Domingo 2014ko ots. 3a, 20:00

Fun Dantz! jaialdia antolatu dute Aretxabaletako Ibarra kiroldegian martxoaren 8rako, Emakumearen Egunerako. Hip hoparen kulturak eta arte urbanoak hartuko dute Ibarra kiroldegia, Udalaren eta Break On Stage jaialdiaren arteko elkarlanari esker. Fun Dantz! jaialdiaren barne, erakustaldiak, lehiaketak eta musika tartekatuko dira.

Fun Dantz! jaialdiarekin, hamalau urtetan Bilbon egin den Break On Stage jaialdiaren zati bat ekarriko dute Aretxabaletara. Gaur aurkeztu dute jaialdia, eta Maider Azkorbe, berdintasun zinegotziaren arabera, Martxoak 8 egunero izan dadila egitasmoaren barne kokatzen da Fun Dantz!. Hip hoparen eta kaleko kulturaren erakusleiho bikaina izango da Ibarra, eta  printzipioz gazteei bideratuta egon daitekeela pentsatu arren, herritar guztiei egin diete gonbidapena. Zigor Quintanila kultur zinegotziaren esanetan, gurean hain ezaguna ez den arte estilo batekin gozatzeko aukera paregabea izango da.

Hip hop dantza ikastaroa

Hasi, hip hop dantza ikastaro batekin hasiko dute Fun Dantz!. Ikastaroa, Ibarrako aerobic aretoan izango da 16:30ean eta Silvia Palacios iruindarra izango da irakaslea. Ostean, 17:30ean hainbat disko jartzailek platerak hartuko dituzte breakdance lehiaketaren finalaurrekoak girotzeko. Nesken arteko bikotekako kale dantza mailako finalaurrekoak eta banakako breakdance mailako finalaurrekoak jokatuko dira.

Breakdance, BMX eta akrobaziak

Ekitaldi nagusia baina, 19:00etan hasiko da. Erakustaldiak eta lehiaketak eskua emango dute, Ander Garaizabal, Break On Stage jaialdiko antolatzaileak oso dinamiko eta ikusgarri bezala definitu duen ikuskizunean. Ordu eta erdian 80 bat artistek, publikoa eta epaimahaikideak txunditzen saiatuko dira; izan ere, lehiaketan parte hartuko duten hamaika taldeetatik hiruk, martxoaren 29an Bilbon jokatuko den Break On Stage jaialdirako txartela lortuko dutelako. Hamaika talde horiez gain baina, breakdance erakustaldia, BMX bizikleta erakustaldia eta akrobaziak egongo dira. Breakdance erakustaldia, maila internazionalean lehiatzen den Circle of Trust taldeak eskainiko du; Neugmak ordea, BMX bizikleta baten gainean egin daitezkeen mugimenduekin txundituko du publikoa; eta Cyr Wheel diziplina akrobatikoaren show-a ere egongo da.

Sarrerak, bihartik aurrera salgai

Bihar bertan jarriko dituzte salgai sarrerak bi eurotan Arkupen, Durana kaleko kioskoan, Belarmetan eta Jon harategian. Guztira 600 sarrera egongo dira ikuskizunerako; 200 Arkupen, 200 Aretxartek salduko ditu, 100 Bilbon salduko dituzte eta beste 100 egunean bertan salduko dituzte leihatilan. Aretxaterkoek ere, Fun Dantz!ekoekin bat egin dute eta sari banaketan, 20 euroko balioa izango duten hamar bono zozketatuko dituzte, herriko tabernetan egunean bertan gastatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak