Haize hotza kanpoan eta ermita barruan esan du meza Andoni Illarramendi parrokoak; bertan bedeinkatu ditu jakiak eta ereinotz adarrak. 8 eta 9 urte arteko neska-mutikoak meza bukaeran iritsi dira eta kanpoan geratu. Illarramendik egin die harrera eta ur bedeinkatua bota: "Ekarri dituzuen jakiok elkarbanatzeko izan daitezela", esan die.
Herritarrek alde egin dutenean ermita barrura sartu ditu neska-mutikoak eta San Blasen gaineko kontuak kontatu: "Errusia azpian dagoen Armeniako medikua izan zen, baita gotzaina ere. Eztarrian arrain hezurtxo bat trabatuta geratu zitzaion ume bati lagundu zion", eta hortik ei dator eztarriko minen kontrako zaindari izatea. Bukatzeko San Blasen erlikiari muin eman diote umeek.
Ekarritako jakiak janda bueltatu dira ikastolara neska-mutikoak.