Udal Gobernu taldea "noraezean doan trainerua" dela dio Aralarrek

Monika Belastegi 2014ko ots. 2a, 19:30

Bilduko ordezkarien "planifikazio falta eta elkarlanerako borondate eza" salatu ditu, atzo, zapatua, etxerik etxe banatutako komunikatuan. "Jasan eta onartu daitekeen muga gainditu" egin dela ere badiote. Gobernu taldeak, bestalde, nahiago izan du oraingoz adierazpenik ez egin.

Aralarrek Udal Gobernu taldearen "plan, proiektu eta helburu falta" salatu ditu zapatuan etxerik etxe banatutako komunikatu baten. Bertan jasotzen dutenez, bi urte eta erdi igaro dira legealdia hasi zenetik eta "balantzea ezin ulertezinagoa da egin denari eta egin denaren itxurari erreparatuta".
Aralarren arabera, "edozein erakunde, entitate edo enpresak objektibo kuantitatibo eta kualitatiboak adosten ditu, landutako Plan bati zentzua eman eta norabidea adierazten duena". Bada, Aretxabaletako Udala "horretan salbuespena" dela uste dute: "Noraezean doan trainerua da Udala. Oraindik orain ez dago legealdirako programarik, ez dago planifikaziorik eta egunerokoa bat-batekotasunean oinarritzen da. Eta horrela jokatuz gero, gaur bale, bihar kale", diote.

"Jarrera autoritarioaz nekatuta"

Legealdi hasieran eta zortzi hilabetez Udal Gobernuan elkarrekin egon zirela ere ekartzen dute gogora idatzian: "Aralarri iruditu zitzaion nahikoa denbora zela elkarrekin eta elkarlanean lan-ildo batzuk lantzeko, indarrean dagoen legealdian garatu beharreko helburu eta ekintza zehatzak diseinatuz". Dena den, "aurrerapauso txikiena ere ez" zela eman diote.

Bestalde, erabakiak "gutariko inorekin kontsultatu, aztertu, debatitu eta informatu barik" hartu izana ere leporatu diote Gobernu taldeari, eta Aralarren ustez, "hori da edozein ekimen politikoren oinarria: mahaiaren bueltan eseri eta adostera jokatu". Eta gehitzen dute: "Politika hitzaren Antipodetan dago gaur egun gure Udala, atxabaltar gehienengandik urrunduz". Gauzak horrela, diote horrek bultzatu zuela Aralar Udal Gobernutik irtetera: "Arduragabekeriaz eta jarrera autoritarioaz nekatuta, eta helburu eta estrategia ezak eraginda".

2014ko aurrekontuak, adibide

Horren guztiaren adibide onartu berri diren 2014 urteko aurrekontuak lantzeko prozedura jarri dute: "Garai hau antzua dela ikusi da beste behin, batere planik eta proiekturik gabea. Gehiengo absolutuan oinarrituta, lotsa barik ari dira arrabola gainerako guztion gainetik pasatzen, guztion ekarpenak gutxietsiz, eta Udalbatzan dagoen pluraltasun politikoaren aurrean beste alde batera begiratuz, oposizio osoari entzungor eginez".

"Jasan eta onartu daitekeen muga gainditu" egin dela ere badiote eta herritarrei euren iritzia emateko unea iritsi dela "guztion Udala nola ari diren gestionatzen ikustaraziz". Era berean, "Udalean dagoen tsunamia desblokeatzeko froga" egin beharko litzatekeela ere uste dute: "Adostasun eta akordioen txanda da, bidera erori diren harriak kentzeko, herria ikuspegi globalaz eraikitzeko, eta sagar ustelak otzaratik ateratzeko".

Oraingoz adierazpenik ez

Ana Bolinaga alkatearekin zapatuan bertan harremanetan jarrita, oraingoz adierazpenik egingo ez dutela aurreratu zuen, "egoerak lasaitasunez eta patxadaz erantzutea" eskatzen duelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak