'Pintxo potea eta euskara' aurtengo Euspot lehiaketaren gaia

Monika Belastegi 2014ko ots. 1a, 09:33

Iñigo Louvelli, Aretxabaletako Udaleko Euskara zinegotzia; Arantzazu Lagunilla, Artemaneko ordezkaria; eta Goio Arana, MUko ordezkaria.
Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateak eta Artemanek hirugarrenez deitu duten spot lehiaketan aurkezteko azken eguna maiatzaren 9an izango da. 20-30 segundo arteko spotak aurkeztu beharko dira. Euskararekin batera, gazteen parte-hartzea sustatu nahi dute; gazteen sormena bultzatu, ilusioak piztuz.

Atzo, barikua, aurkeztu zuten Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateak eta Arteman Komunikazio enpresak Euspot lehiaketaren 2014ko edizioa. Aurkezpenean azaldu zutenez, aurtengo helburu nagusia lehiaketa kontsolidatzea eta euskararen panoraman erreferentziazkoa bilakatzea da. Gainera, gazteen partehartzea sustatzeko nahia ere baduela azpimarratu zuten: asmoa da gazteen sormena bultzatzea, ilusioak piztuz.

Hirugarren edizio honetako  gaia Pintxo potea eta euskara aukeratu dute. Spota edozein formatutan grabatu ahal izango da. Post-produkzioa ere nahi den programarekin egin ahal izango da. Dena den, hobetsi egingo dira HD formatuan grabatutako eta muntatutako lanak. Iraupenari dagokionez, 20-30 segundo arteko spota izan beharko da.

Oinarri sendoa, izaera irekia

Lehiaketa irekia da, edozeinek har dezake parte, debagoiendarrek zein Euskal Herri osokoek, eta hala nahi izanez gero, baldintzak betetzen dituen gure mugez haratagoko edozeinek ere bai. Hain zuzen, Euskal Herrian bultzatu nahi dute parte-hartzea, beti ere, Debagoienean oinarri sendoak jarrita. Horretarako, Mondragon Unibertsitateak bere ikasketa kurrikulumean spoten gaineko ikasgaia sartu du eta Arizmendi ikastolako zein Kurtzebarri eskolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek lehiaketan parte hartu ahal izango dute. Unibertsitatearentzat lehiaketa bera eta ikasleen parte-hartzea epe luzerako inbertsioa da. Inbertsio baita ere hizkuntzaren erabilerari dagokionez.

Hain zuzen, Aretxabaletako Udalak, sustatzaile nagusiak,  Euspot lehiaketaren aldeko apustua egin nahi izan du aurten ere, euskara bizitzako alor guztietara hedatzeko, eta arlo horretan egiten ari diren lana goraipatu nahi izan dute. Ildo horretatik, antolatzaileek bereziki nabarmendu zuten, aurten ere 16 urtetik gorakoek aukera izango dutela lehiaketan parte-hartzeko, eta horretarako  harremanak sustatu direla zenbait ikastola eta eskolarekin.

2.250 euro saritan

Lanak maiatzaren 9a baino lehen aurkeztu beharko dira www.euspot.eu webgunean eta sari banaketa ekitaldia maiatzaren 15ean egingo da Aretxabaletako Arkupe kultura etxeko Zaraia aretoan. Guztira, aurten ere, 2.250 euro banatuko ditu Euspot lehiaketak saritan: spotik onenak 1.000 euro jasoko ditu; MUko ikasleen spotik onenak, 500 euro; Ikusleen saria 500 eurokoa izango da; eta Gazteen saria –18 urte beherakoak–, 250 eurokoa.

Lehiaketaren oinarriak kontsultatzeko: http://euspot.eu/lehiaketaren-oinarriak/

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak