Usurbilgo Josu Furundarena (gitarra) eta Garazi Artola (ahotsa) Mondragon Unibertsitateko ikasleak dira eta Debagoienean bizi dira. Urrezko Muskerrak taldean ezagutu ziren eta, taldea banatzean, pop kantuen bertsioak euskaraz eta ingelesez abesten jarraitu zuten biek Saiatu Berriz izenpean. Euren emanaldi "goxoarekin" amaitu zen Ostegun Akustikoak, abenduan.
Bigarren saria eskuratu duen Josu Zubia oñatiarrak sariak jaso izan ditu Euskadiko Kantu Txapelketan. Orain dela bizpahiru urte bakarka kontzertuak ematen hasi zen. Kantu propioetan popa eta folka lantzen ditu eta diskoa kaleratu berri du. "Goxo" aritu zen Zubia ere, Exprex tabernan, azaroan.
Lehen eta bigarren irabazleek 200 eta 100 euro eraman dituzte, hurrenez hurren.
Aretxabaletan kultura-eskaintza sustatzen
Debagoienean jaio edo bizi diren musikari gazteei kantuak jendaurrean plazaratzeko asmoz sortu zen Ostegun Akustikoak lehiaketa Aretxabaletako Udalaren eskutik eta Arteman Komunikazioak gauzatu du.
Ekimenaren helburua izan da udazken-neguko ostegunetan Aretxabaletako tabernetan herritarrei zuzendutako eskaintza kulturala sustatzea eta lau emanaldi izan dira guztira: Azkaiter Pelox, Josu Zubia, Jim TNT eta Saiatu Berriz.
Balorazio "oso ona"
Ostegun Akustikoen lehen edizioa bukatu da, eta antolatzaileek egin duten balorazioa "oso ona" da. Ekimen berria izan arren, herri ezberdinetako musikariek parte hartu dute, musika zaleek jakin-minez erantzun dute eta tabernariak ere pozik daude herrian eskaintza ezberdinak proposatzeagatik.