Jose Manuel Corcuera: "Armak susta daitezen nahi ez duenak banka etikora jo behar luke"

Leire Kortabarria 2014ko urt. 15a, 00:00
Jose Manuel Corcuera, Aretxabaletan.
Fiare bankuaren Debagoieneko atalaren arduraduna da Jose Manuel Corcuera. Urteak daroatza Fiare banku etikoak Debagoienean, debagoiendarrek osatutako taldean; orain arte, batik bat Arrasaten eta Oñatin. Aurrerantzean, Aretxabaletan ere izango da lan-taldea, eta horren berri emango dute eguenean, hilak 16, Basotxo elkartean.

Fiare da banka etiko eredu ezagunena Debagoienean.

Banka etikoa egiteko modu asko daude; Fiare horietako bat da. Adibidez, Triodos Bank ere banku etikoa da. Fiareren berezitasuna hau da: batez ere, gizartea aldatzea eta hobetzea dela bere helburua, ekonomiaren inguruan mugitzen delako dena, eta helburu hori duten proiektuak babesten dituela, batik bat. Bestalde, Fiare kooperatiba da, eta Triodos Bank, sozietate anonimoa. Europan 22 banka etiko daude.

Izen italiarra dirudi Fiarek, baina Euskadin sortua da, ezta?

Bai. Fiare hitza Fundación Inversión y Ahorro Responsable esalditik dator, eta Bilbon sortu zuten Caritasetik zetozen zenbait erakunde erlijiosok. Ideia 2003an sortu zen eta 2005ean hasi zen Fiare lanean. Gaur egun, estatu osoan 5.000 bazkide inguru ditu Fiarek; zazpi langile nominadun; eta, 2013ko urrian, 4,46 milioi euro pasako kapital pilatua zeukan.

Orain, Italiako Banca Popolare Eticarekin (BpE) bat eginda dago Fiare. Europan bilatu genuen gure filosofiarekin bat zetorren banku handiago bat, eta, zorionez, BpE aurkitu genuen.

Ze egitura dauka?

Banca Popolare Eticak bost area ditu, eta horietako bat estatua da. Horren barruan, 19 zirkunskripzio ditu; iparraldean, zazpi, eta horietatik bost, Euskal Herrian. Gipuzkoan bat dauka, eta berau eskualdetan banatuta dago: dozena bat. Horietako bat da Debagoiena. Batez ere Arrasaten dihardugu; neurri txikiagoan, Oñatin, eta orain Aretxabaletan sortu da taldea. Baliteke, talde horiek izanda, bulego berriak sortzea.

Nola parte har dezake herritar batek Fiaren?

Kolaboratzailea, bazkidea edo aurreztailea izan daiteke. Iaz, Gipuzkoan %45 bazkide gehiago lortu genituen, 134 lagun gehiago, eta dagoeneko 431 gara. Debagoienean, 34 bazkide gara, eta zifra ona da hori; gainera, esan behar da iaz 18 bazkide berri izan genituela, guk sei aurreikusten genuenean. Aurten, gure helburua da 10 eta 15 bazkide berri artean lortzea.

Zergatik uste duzu hazi dela hainbeste bazkide kopurua?

Gipuzkoak baditu ezaugarri bereziak, izan ere, ez dago zentralizatuta. Bizkaian, bi zirkunskripzio daude, eta biak Bilbon daude; Gipuzkoan, zirkunskripzio bakarra dago, baina oso banatuta dago, eta eskualde bakoitzak bere izaera dauka.

Bazkideek dirua ekartzen diote Fiareri, ezta?

Bai. Batetik, kapital soziala dago, bazkideek ipini dugun dirua. Gaur egun, Gipuzkoako 431 bazkideen artean 250.000 euroko kapital soziala daukagu; bakoitzak, batez beste, 600 euro dauzka ipinita. Pertsona fisikoak eta pertsona juridikoak izan daitezke bazkide.

Eta kapital sozialaz gain, zenbat diru mugitu zuen Fiarek iaz?

Milioi erdi euro dago gordailuetan inbertitua. Banca Popolare Eticaren Fiare gunean, 39 milioi euro ziren.

Banca Popolare Eticarekin bat egin zuenetik aldatu da Fiareren lan egiteko modua?

Ez, baina eguneratzen eta baliabideak lortzen joan behar du, pixkana-pixkana. Adibidez, oraindik ez daukagu sare informatiko egokirik, dirua delako, eta hori arazoa da. 50 erakundek emandako 3.000 eurorekin jardun dugu. Orain, BpEk lagun diezaguke, eta sistema egokia izan dezagun lan egingo du. 

Oraingoz, maila handiagoko banku batekin bat egiteari dagozkion aldaketak dauzkagu, baina hasierako espiritua du Fiarek. Eta bihotzez pozten gaitu Europan guk lan egin gura dugun moduan lan egiten duen banku bat topatu izanak.

Zuen helburua gizartea aldatzea da. Nola egin duzue hori orain arte?

Bai, horretan ahalegintzen gara, behintzat. Orain arte, jendeak gizarte-lana egiteko zuen nahiaren eta borondatearen ondotik haien dirua onartuz jardun dugu. Finantzatzen ditugun proiektuen bidez egiten dugu gure lana. Proiektu guztiek dute helburu soziala: batzuk ekologia arlokoak dira, beste batzuk gizarte arlokoak, beste batzuk gizarteratze arlokoak… baina helburu berberarekin, guztiak. Ideologikoki horretan oinarritzen gara. Eta gainera, bankuak badu Etika Batzordea,  eta horrek ikuspuntu etiko batetik proiektua bideragarria ote den aztertzen du, eta baita, jakina, finantza ikuspuntutik ere.

Egoki ikusten diren proiektuei dirua maileguan ematen diezue, orduan.

Bai, jakina. Gero bueltatu egin behar dute, noski, beste edozein bankurekin gertatzen den moduan. Hori bai, interesak txikiagoak izaten dira.

Dena dela, jendea Fiarera etortzeko arrazoia etika izatea, eta ez dirua, gura dugu.

Zelako gordailuak dituzue?

Hainbat motakoak. Horietako baten, gutxienez 3.000 euro ipintzen dira, eta interesei dagokienez, gerora, elkartasun erakunde batzuen artean bat aukeratzen da eta hari borondatezko ekarpena egiten zaio. Bestalde, gaur egun, kontu korrontea egiteko aukera hasten dabil.

Ze arrazoi emango zenioke debagoiendar bati Fiareko bazkide edo laguntzaile egin dadin?

Ez badu gura bere diruarekin armak susta daitezen, banku etikora jo beharko lukeela. Burtsara doan ia denak arriskua dauka; eta, neurri baten, denok gaude arriskuan, banka etikoan ere inork irabazi-asmoak izan ditzakeelako. Baina, bene-benetan, aukera etikoena dela iruditzen zait, eta Europako finantzetan eragiteko bokazioarekin, gainera; ez elementu polita izateko bakarrik, finantzak lantzeko modua aldatzeko gogoarekin baizik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak