Partidu lasaia izan da Ibarra futbol zelaikoa. Lehenengo zatiko lehenengo minutuetan partidua orekatua izan da, bai etxekoek zein kanpotarrek aukera oso politak izan baitituzte. Defentsan lan handia egin du UDAk eta aurrean ere presio handia sartzen aritu da. Hala, 6.minutuan gol bikaina sartu du Oxel Apraizek. Oso garrantzitsua izan da gola, jokalariak animatu eta gol gosez, zarauztarren areara behin eta berriz gerturatu baitira. Hori bai, zorte gutxirekin, izan ere, azken pasetan, azken jaurtiketetan, zerbait falta izan zaie, hutsegite asko egin dituzte.
19.minutuan baina, etxekoen golegileak, Apraizek, min hartu du belaunean, falta baten ostean. Kanpora atera da eta denbora gutxira berriz ere zelaira atera bada ere, hurrengo sarrera batean berriz ere min hartu eta zelaia utzi behar izan du lesionaturik. Bere partez orduan, Zaitegi sartu da. Hurrengo minutuetan, Zarautz primeran aritu da bere atea defendatzen. Sarrera ugari izan dira eta txartel hori nahikotxo atera ditu epaileak.
Lehen zatia amaitu aurretik, giroa berotu egin da, protestak izan dira jokaldi baten ostean eta epaileak UDA zein Zarauzko taldeko jokalariei zenbait txartel hori atera dizkie. Zarautzek presioa sartu du eta aukerak izan ditu, baina etxekoek ez dute amore eman eta borrokari eutsi diote. Azkenean, lehen zatia amaitu da. Hori bai, 5 minutu luzatu du partida epaileak.
Bigarren zatia indartsuagoa
Bigarren zatiko jokoa azkarragoa izan da, oso indartsu eta eraberrituta atera dira etxekoak eta gol gosez, ekin eta ekin aritu dira, baina azken jaurtiketan huts asko egin dituzte. UDAk oso ongi jokatu du, asko ukitu du baloia, jokaldi politak egin dituzte eta bigarrena lortzeko zorian behin baino gehiagotan egon dira. Bigarren zatian UDA gehiago izan da, Zarautzek ezin izan dio aurre egin minutu askotan. Etxekoek lan asko egin dute, fin ibili dira jokaldi geldiak ongi atera eta arriskua sortuz.
Azkenean, presioak eta lanak izan du emaitza borobila. Partidua bukatzeko minutu gutxi falta zirenean, 43.minutuan, bigarren gola sartu du UDAk. Iker Sanchezek egin du gola jokaldi eder bati amaiera borobila emanaz. Merezi eta behar zuen gola izan da azken hau, izan ere beheko postuetatik ateratzen hasteko garaipena behar zuten jokalariek eta gol honekin, garaipena ziurtatu dute. Hala, irrifartsu eta lana ongi egin dutelako sentimentuarekin etxekoak pozik eta gustura amaitu dute norgehiagoka.