Eguraldiari aurre eginez, jendeak familia giroan gozatzeko egitarau oparoa prestatu dute hainbat eragileren artean.
Olentzerok aldaketak
Olentzerok eta Mari Domingik haurren eskutitzak kaleetan jasotzen zituzten arren, aurten ez dute hori egingo. Martitzen goiza girotzeko, Basotxo abesbatzarekin batera kantu kalejira egiteko aukera egongo da. Ondoren, 12:00etan, Olentzero eta Mari Domingi etxeko txikiekin elkartuko dira, eta bertan batuko dituzte eskutitzak. Arratsaldean, 18:30ean, Ibarra kiroldegitik plazarako ibilbidean ez dute geldiunerik egingo: hau da, haurrak agurtzen eta gozokiak banatzen egingo dute ibilbidea.
Bizarzurik eta Errege Kabalgatak ez dute aldaketarik izango. Urteko azken egunean, Erregeen laguntzaileak haurren eskutitzak jasoko ditu urtarrilaren 5ean kabalgataren ostean, eta txintxoak izan diren haurrei opariak utziko dizkiete, aldez aurretik garbitu dituzten zapatetan.
Gazteak protagonista
Herriko gazteek Aretxabaletan ez ezik herritik kanpo ere aisaldirako aukera asko izango dituzte. Gazteleku, ludoteka eta ohiko jolasparkeetatik at, Poxpolin Parkek txikien zoramena eragingo du. Nagusiagoek, aldiz, Hontza Extrem abentura parkera edo Donostiako izotz pistara joateko aukera izango dute. Irteera horietara joan nahi dutenek gazte txokora gerturatu beharko dute domeka baino lehen.
Bilboko PINera joan nahi dutenek, aldiz, gaur izango dute Algara ludotekan izena emateko azken eguna.
Gabon giroa nagusi
Aretxabaletako abesbatzak ere sasoiarekin bat egingo duen emanaldia eskainiko du datorren astean, domekan.
Herriko dendak ere ez dira atzean geratuko eta zenbait egunetan ordutegi berezia izango dute. Zapatuan, adibidez, goizez eta arratsaldez irekiko dituzte ateak. Horrez gain, erosketak animatzeko eskaintza bereziak egingo dituzte.