Aretxabaletarrek Giza Eskubideen nazioarteko egunarekin bat egin dute

Jagoba Domingo 2013ko abe. 10a, 19:44

Aurten ere, Giza Eskubideen nazioarteko egunarekin bat egin dute Aretxabaletako Udalbatzakoek eta hainbat herritarrek. Nelson Mandela ere gogoan izan dute eta amaitzeko dantzariek aurreskua dantzatu dute.

Giza Eskubideen egunarekin bat egin dute aurten ere Aretxabaletako Udalbatzako kideek eta hainbat herritarrek. 2010eko martxoaren 12an hartutako konpromisoari eutsiz, Iturrizar plazan dagoen eskulturaren bueltan bildu dira, giza eskubideak aldarrikatzeko eta bide batez, Nelson Mandela gogora ekartzeko.

Lore Martinezek, Bilduko zinegotziak, Aralar, Bildu eta EAJk adostutako testua irakurri du, aurretik baina, duela egun batzuk hil zen Nelson Mandela gogoan izan dute. Martinezen esanetan, giza eskubideen defentsan egindako lan guztiagatik urteetan zehar eredu izan delako.  

Adostutako testuan, giza duintasunaren eta oinarrizko eskubideen lehentasuna aldarrikatu dute, eta gizaki guztien giza eskubide guztiekiko behin betiko konpromisoa berretsi dute aurten ere. Giza eskubideen urraketen artean, aretxabaletarrek jasaten dituztenak salatu dituzte lehenik eta behin. Besteak beste, emakumeen kontrako erasoak, gatazka politikoa dela eta armen eraso eta adierazpen politiko askatasun eza eta norbanako eta herri gisa dagozkigun eskubide zibil eta politikoen ukazioa.

Hala ere, Euskal Herriko egoeraren gainean ere hitz egin du Martinezek. Euskal Herrian aurtengo Giza Eskubideen nazioarteko eguna oso berezia dela esan du; garai berri itxaropentsu eta ilusionagarri baten aurrean gaudelako. Hori dela eta, gaur hurrengo puntuak azpimarratu dituzte:

    •    Urratu den giza duintasuna berreskuratzea da lehentasun nagusia.
    •    Gure lehen konpromisoa da giza eskubideen aurkako biktima guztiekiko elkartasuna.
    •    Egindako min guztia aitortu, biktima guztien erreparazioa eta etorkizuna elkarbizitza onean       oinarritzea, adiskidetasunean.
    •    Herri honetan, denok elkarrekin lan egin behar dugu gertatutakoa bere osotasunean jaso eta inoiz ez ahazteko, gaurko egoera nola bideratuko dugun adosteko eta inongo giza eskubideen urraketarik sekula berriro gertatuko ez dela bermatzeko.
    •    Aretxabaletako Udalbatzak konpromisoa hartzen du, bide honetan, atxabaltarron elkarbizitza onaren alde lan egiteko.

Puntu horiek aipatu ostean, Aretxabaletako Gisa Eskubideen Gunea, bakerako, hausnarketarako, elkar-ulertzeko eta baloreetan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko gunea dela esan du Martinezek.

Omenaldia amaitzeko, dantzariek aurreskua dantzatu dute eskulturaren aurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak