166 ilusio 166 opari, Herrixa dantzan izenarekin aurkeztu dute gaur egitasmo berria Nahia Agirrek, Aretxabaletako Udaleko enplegu teknikariak eta Idoia Elexpuruk, Aretxarte merkatari elkarteko lehendakariak. Aurkezpenean, Aretxarte elkarteko hainbat kide egon dira; izan ere, egitasmoa aurrera eramateko lan mahai bat eratu dute Udalekoekin batera. Agirrek, herri merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko elkarrekin emandako pauso bat dela adierazi du, Erosketak Debagoienean kanpainarekin bat eginez.
Herriko komertzioei lagunduz herri indartzea
Bi helburu argi ditu ekimenak, alde batetik esan bezala herriko komertzioekin bat egitea; eta bestetik, herrigintza sendotzea. Horrela, denda, taberna eta establezimendu txikiekin herriak irabazi egiten duela azpimarratu du Agirrek, jarduera komertzialari eutsiz. Eta etorkizunean herri bizi batez gozatu ahal izateko, ezinbestekoa dela gaineratu du; izan ere, komertzio eta tabernak, herritarren topaleku ere bihurtzen direlako, horrela herria sendotuz, gaineratu du Agirrek.
15 euroko bonoak
Hori indartzeko bada, 15 euroko balioa duten bonoak banatuko dituzte datorren astetik aurrera. Astelehenean hasi eta zapatura arte, egunean 27-28 bono banatuko dituzte aretxabaletarren artean. Pertsona bakoitzeko bono bakarra banatuko dutela adierazi du Elexpuruk, eta horiek lortzeko, egun bakoitzean elkarte batengana jo beharko dute herritarrak; gainera azkarrak izan beharko direla esan du Elexpuruk, lehenengo heltzen direnei emango dizkiete-eta bonuak.
Astelehenean, 18:00tatik aurrera UDA futbol taldeak banatuko ditu; martitzenean, 11:00etatik hasita Udalak; eguaztenean, 17:30tatik aurrera Loramendi elkarteak; eguenean, 17:30tatik aurrera Kuku Mikuk; egubakoitzean, 19:30tatik aurrera Gazte Ekimenak eta zapatuan, 11:00tatik aurrera, Basotxo erretiratuen egoitzan lortu ahal izango dira.
Elkarteen artean banatzearen helburua, adin eta perfil ezberdineko herritarrengana heltzea dela esan du Elexpuruk. Beraz, bonoa lortu nahi izanez gero, azkar ibili beharko dira aretxabaletarrak. Bonoa erabiltzeko epea urtarrilaren 5a izango da.
Kanpainarekin bat egiten duen sketch-a ere aurkeztu dute gaur. Atexabaletako Ibai Zangituk, Mikel Alberdik eta Iñaki Uribetxeberriak egin dute sketch-a.