Aretxabaletako hegoaldeko sarreran dagoen bidegorri zatia konpontzen dabiltza egunotan. Martitzenean hasi ziren lanean: makinak bidegorrian sartu eta ingurunea txukundu zuten lehenengo, eta jarraian, 3,5 metroko altuerako eta 25 metro luzeko harri-lubeta egiteari ekin zioten; horrekin dabiltza orainidik.
Gipuzkoako Foru Aldundiak lan horien ardura baldin badu ere, Aretxabaletako Udaleko Jose Mari Segoviak gertutik jarraitzen du obra hori. Jakinarazi digu astelehenerako gura dutela lanekin amaitzea. Arrazoia da Arizmendiko Almen gunean egun horretan hasten direla ostera ere eskolak, eta Aretxabaletatik ume askok bidegorria erabiltzen dutela ikastolara joateko.
Egiten dabiltzan harri-lubetarekin luizi berriak ekidin gura dituzte, modu horretan, erabiltzaileen segurtasuna bermatuz. Neguan izandako euriteek lur-jausi handiak eragin dituzte, bidegorri zati hori behin baino gehiagotan estaliz.
Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!
WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.
TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.