Leizarra musika eskolan giro nahasia

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko aza. 28a, 16:26

"Zuzendaritzak ez ditu betetzen gure lan hitzarmeneko puntu batzuk". Horregatik irten ziren Leizarra musika eskolakoak martitzenean protesta egitera. Bestaldetik, zuzendaritza batzordeak ukatu egin du akusazioa, eta gurasoekin bilera egin zuen atzo egoera azaltzeko.

Leizarra musika eskolako zuzendaritzak eta irakasleek bilera ugari egin zituzten aurreko  ikasturtean lan hitzarmenaren harira. Orduan adostu zituzten puntuen artean, aurreko hitzarmeneko lan baldintzak mantentzea eta KPIaren igoera hartu zituzten kontuan; horrez gain, asteburuetako ordu plusetan ere igoera onartu zuten.

Bazirudien egoera bideratuta zegoela, baina zenbait irakasleren eta zuzendaritzaren arteko harremanetan tentsio uneak bizi dira.

Protesten arrazoiak

Momentu horren adierazlea da martitzenean, zenbait irakaslek aldarrikapen kalejira egin zutela Lan hitzarmena. Errespetatu irakasleon lana lelopean. Aitor Villarreal irakasleak euren ikuspuntua azaldu du: "Zuzendaritzak ez ditu hitzarmeneko puntu guztiak betetzen; besteak beste, ordutegiari dagokionez inposaketa bat dago eta ezin dugu onartu. Egiten dugun lana errespetatzea eskatzen dugu".

Gaineratu zutenez, irakasleek eskolak prestatzeko baliatzen duten denbora zuzendaritzak ez du aintzat hartzen eta horixe izan zen martitzeneko aldarrikapen nagusia.

Zuzendaritzaren azalpena

Bestalde, Leizarrako zuzendaritzako kideak eskolako gurasoekin batzartu ziren eguaztenean, gertatzen ari denaz informazioa emateko. Bertan izan ziren, besteak beste, zuzendaritzako kide eta udaleko kultur zinegotzi Zigor Quintanilla eta Edorta Antxia Leizarra musika eskolako presidentea.

Antxiak, irakasleen eskolaz kanpoko orduen aldarrikapenaz egin zuen berba: "Irakasleek eurek erabakitzen dute eskolaz kanpoko orduak nola kontatu eta zuzendaritza honek erabaki zuen gutxienez ordu erdikoak izan behar direla. Baina irakasleek ez dute esandakoa betetzen; skolak hasi aurretik ordu laurden egiten dute eta amaitzerakoan beste horrenbeste. Behin eta berriz esan diegu ezin dela horrela egin".  Izan ere, eskolak amaitzean Arkupe itxi egiten da, eta zuzendaritzak erabaki zuen, kultur etxean lan egiten duten beste udal langileekiko errespetuagatik, ezin zirela ordu horiek momentu horretan sartu.

"Zuzendaritzak esandakoa ez betetzeagatik", desobedientzia egotzita, egun bateko soldata eta lana kendu diete bi irakasleri. Hauek errekurtsoa ipini daitekeela eta, bidea aztertuko dutela esan dute. Zuzendaritzatik, egoera ez errepikatzeko lan egiteko borondatea azaldu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak