Atletismoaren gaineko argazki erakusketa egingo dute Arkupen

Imanol Beloki Unamuno 2013ko aza. 28a, 15:24

Atletismo-zaletasuna islatzen duen erakusketa izango da abendu osoan. Aretxabaletako herritarrak eta atletismoa oso lotuta egon dira beti. Izan ere, kirol hori praktikatu duten pertsona ugari daude herrian. Txapeldun ugari, eta bere garaian sekulako sariak irabazitakoak; Fernando Agilar Aretxabaletako galgoa atleta, esate baterako. Martitzenean 18:00etan prentsaurrekoa eskaini zuten Ramon Erañak, Jose Ramon Intxauspek, Fernando Unanuek eta Amaia Murgiondok, erakusketaren nondik norakoak azaltzeko.

Aretxabaletako Argazki Taldeak, Udalaren eta UDAren kolaborazioaz, Arkupen erakusketa egingo du abendu osoan. Erakusketa 60 argazki ingururekin osatuta egongo da, egunkari zatiekin, atleten sariekin eta beste hainbat objekturekin osatuta.Aretxabaletan hainbat atleta famatu egon dira eta haiek gogoratzeko argazki erakusketa prestatu dute. Abenduaren 3an, martitzenean, hasiko da. Astelehenetik egubakoitzera, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da ikusgai. Zapatuetan goizez bakarrik egongo da aretoa zabalik eta domeketan, berriz, itxita egongo da.


Erakusketaren helburua UDAko korrikalarien historiaren jarraipen kronologikoa egitea da. Hala, Manteka anaiak, Fernando Agilar Aretxabaletako galgoa, Lurdes Izurrategi, Ramon Jausoro, Joseba Larrinaga eta beste hainbat kirolariren argazkiak jarriko dituzte ikusgai. Hori bai, Fernando Agilar izango da erakusketaren ardatz nagusia, baina gainerako atletek ere izango dute euren lekua. Aspaldiko argazkiez gain, gaur egungo argazkiez ere baliatuko dira erakusketa osatzeko eta artxiboa handitzeko. Horretarako, atleta amateurrak diren herritarrei, korrikan ari direneko argazkiak eskatu dizkiete eta erantzuna oso ona izan da. Herritarrek bidalitakoak Behobia-Donostia, Otala Zelaiko krosa, denbora librean korrikan…eta halako argazkiak izan dira, eta haiekin collage bat egingo dute. Horrela, atletismoarekiko zaletasuna eta egindako lana bertan behera ez gelditzeko gaur egungo argazkiekin lana osatu nahi dute. Jose Ramon Intxauspe erakusketaren antolatzaileetako batek hau esan du: "Material gutxirekin hasi ginen, baina lan hau egin izan ez bagenu, argazki hauek desagertu egingo ziren".


Argazkiak atletismoarekin lotutakoak izango dira: atletak korrikan, sariak jasotzen… baina ez da hori bakarrik izango. Kuriositate asko ere batu dituzte lana egin dutenek. Sari banaketa batean garbigailu bat garaikurrarekin batera jasotzen, kafeontzi antzeko beste produktu bat koparekin batera jasotzen…

Omenaldia Ibarran

Argazki erakusketa ez da izango omenaldia bakarra. Abenduaren 15ean Aretxabaletako futbol taldeak Beti Gazteren kontrako partidua jokatuko du Aretxabaletako Ibarra futbol zelaian. Bertan, partidua hasi aurretik, Fernando Agilarri, Manteka anaiei, Ramon Jausorori eta Joseba Larrinagari omenaldia egingo diete; haien familiakoak izango dira bertan. Bada, bertan, oroigarri batzuk emango dizkiete atleten familiarrei.

Hemen, erakusketan agertuko diren atleten argazki batzuk:

Fernando Agilar (Aretxabaletako galgoa).

Manteka anaiak.

Joseba Larrinaga.

Ramon Jausoro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak