Sergio Iribarren: "Euskaldunok genituen lege zaharrak ziren foruak eta gaur ere erasotzen zaie"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko aza. 22a, 10:00

'Gamazada 1893-1894, etengabeko konkista' liburua aurkeztu behar zuen Sergio Iribarrenek astelehenean Arkupeko Zaraia aretoan. Egin beharreko berbaldia bertan behera geratu zen azken orduan, baina esateko zituenak ezagutu gura izan ditu GOIENAk.

Liburua aurkeztera etorri zara.

1512-2012 Nafarroa Bizirik sortu zen Nafarroaren konkistaren 500. urteurrenaren harira. Gure asmoa gaiarekin lotutako hainbat puntu jorratzea izan da. Gamazada liburuan, konkista prozesu horietatik aparte beste konkista mota bat hasi zela jasotzen da, foruen aurkako etengabeko erasoaldia, hain zuzen ere. Eta hitzaldi hauek aprobetxatzen ditugu foruen gainean berba egiteko.

Eta zer ziren foruak?

Euskaldunok genituen lege zaharrak ziren, hau da, konstituzio zaharra. Hitzaldia zirikatzeko modu bat da, gaur egun oraindik ere oso gai ezezaguna delako eta asko daukagulako ikasteko.

Nolako giroa zegoen Gamazada gertatu zenean?

Antolakuntza politiko bat zegoen garai hartan, besteak beste, Gipuzkoan, Durangaldean eta baita Araba inguruan ere, eta horren muinean foruak zeuden. Horregatik hartzen dugu Gamazadaren aitzakia –XIX. mendearen bukaerako matxinada– errepaso bat egiteko eta XVII. mendetik etengabeko erasoaldi bat gertatzen dela ikusteko.

Erasoa Espainiatik eta Paristik zetorren eta matxinada eta errebolta txikiak izan ziren, bai eztabaida politikoan eta baita belikoan ere. Batetik, mahai gainean foruen defentsa zegoen, eta bestetik, foruen aurkako erasoak izaten ziren; azken horiek, gainera, gaur egunera arte iraun dute. Espainiako batasuna defendatzen dutenek, esaterako, EAEn eta Nafarroa Garaian dauden "pribilegioak" kritikatzen dituzte. Ez dira pribilegioak, aspalditik datozen hitzarmenak baizik.

Oker ez banago, Aretxabaletaz ere egin gura zenuen berba...

Hala da. Ezin dugu ahaztu Aretxabaleta ere –Debagoieneko beste herri batzuk bezala– Nafarroako Erresumaren parte zela, eta ez dago jasota historiaren zati hori webguneetan-eta. Eta bitxikeria hori ere ekarri gura nien aretxabaletarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak