Azaroaren 25aren harira ekintza ugari Aretxabaletan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko aza. 19a, 17:15

Ekintza ezberdinak antolatu dituzte Aretxabaletan Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Ongizate sailak, Berdintasun zerbitzuak, Kultura sailak eta Kurtzebarri eskolako Batera guraso elkarteak elkarlanean. Atzo prentsaurrekoa egin zuten horiek aurkezteko eta gainera, Udalak genero indarkeriaren aurrean dituen protokoloak ere ekarri zituzten gogora.

Antolatutako ekintzei dagokienez, zapatuan udal liburutegian Lur Korta ipun kontalaria arituko da goizeko 11:30etan hasita. 

Asteleheanean, berriz, agerraldia deitu dute, Herriko Plazan arratsaldeko 19:00etan hasitan eta segidan, Hika taldearen Hitzak antzezlana eskainiko dute, Arkupen.

Azaroaren 26rako ostera, Nola prebenitu gazteen artean indarkeria sexista? berbaldia antolatu dute; 19:00etan hasiko da, Arkupen.

Arreta protokoloa

Atzoko prentsaurrekoan Maider Aizkorbe Ongizateko zinegotziak gogora ekarri zituen Aretxabaletako Udalak genero indarkeria dela-eta martxan dituen protokoloak. Eta tratu txarren eta sexu erasoen biktimen laguntza eta babes eskaerei koordinazioz, kalitatez eta eraginkortasun irizpideekin erantzuteko, arreta protokolo bat dagoela eman zuen.

Tratu txarren inguruan lan egiten duten eragile ezberdinen artean landutakoa da protokolo hori. Eta martxan egon arren, datozen hilabeteotan sinatzea espero dutela gaineratu zuen.

Hain zuzen ere, 2011n eman zuten amaitutzat protokoloa, baina Udala konturatu zen herriari begirako protokoloa izan behar zuela eta hiru puntu garatu zituen 2012an.

"Aretxabaletan hilketa bat gertatzen baldin bada Udalak bilkura berezi bat egingo du; alderdi guztiek adostutako mozio bat aurkeztu eta onartuko du eta kontzentratzioa egingo du Herriko Plazan". Bestestik, hildakoa Euskal Herriko beste toki batekoa bada, hurrengo egunean egingo luke agerraldia Udalak, Aizkorbek esan zuenez. 

Bestalde, emakumeen aurka ematen diren biolentzia egoera guztiak salatzeko herriko sarreretan Aretxabaletako ez du indarkeria matxistarik onartzen dioten panelak ipini dituzte 2013an.

Astelehenean, bilkura

Bestalde, atzoko agerraldian gogora ekarri zuten azaroaren 25ean bertan udalbatzak bilkura berezi bat egingo duela eta bertan, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak