Domekan izango da partidua, eta, eguraldi iragarpena ikusita, zelai bizkorrera azkarren moldatzen denak asko izango du irabazita. Aurreko jardunaldian bi taldeek eraman zuten garaipena poltsikora: Antzuolak errepaso ederra eman zion Real Unioni (5-1), eta Aretxabaletak, kanpoan, 1-2 irabazi zion Getariari. Bi taldeak puntu berberekin daude eta partidu gogorra izango da, inor ez dagoelako ezer oparitzeko.
Bidea zuzentzen, Aretxabaleta
Albistegiren mutilek erabat oker hasi zuten denboraldia, azken postuan egon baitira duela gutxira arte. Mailaz igotzeko moduko taldea daukate, baina orain arte ez da islatu ez jokoan, ezta sailkapenean ere. Azken bi partiduak irabazi ondoren suspertu egin dira eta goranzko bideari ekin diote. Bide onetik doaz, baina joera positibo hori ez eteteko Antzuolaren aurkako partiduan garaipena lortu beharko dute.
Antzuolakoak, berriz, aurreko jardunaldian sekulako gol zaparrada sartuta konfiantza handiarekin joango dira garaipena eskuratzera. Ez dute esku hutsik etxera bueltatu nahi, nahiz eta badakiten Ibarra plaza zaila dela.
Bailarako beste taldeak
Bergarak puntu bat atera zuen etxean aurreko jardunaldian Hernaniren aurka. 2-2 amaitu zuten partidua, bi taldeak maila bertsuan ibili ostean. Aste bukaera honetan, aldiz, Hondarribiaren aurka jokatuko dute kanpoan. Aloñak, ostera, ezohiko gol kopurua jaso zuen joan den astean Tolosan (4-2), eta hori zuzendu nahiko dute hirugarren dagoen Anaitasuna gogorraren kontra, Azkoagainen.
Amaitzeko, erregional preferentean, seigarren dagoen Mondrak liga ondoen hasi duen taldeetako bat izango du aurrean, Azpeitiko Ikasberriren zelaian jokatuko du-eta.
Alberto Albistegi |UDA-ko entrenatzailea"Azken postuetatik irten behar dugu"
Zer espero duzu domekan jokatuko duzuen partidurako? Azkenaldian ari garen moduan jokatzea espero dut. Jarrera eta norabide beretik jarraitu behar dugu. Denboraldi hasiera txarra izan dugu, baina azken partiduetan suspertu egin gara. Berdinketa bat eta bi garaipen lortuta gatoz eta puntuak lortu behar ditugu. Agian, ez dugu irabaziko, ez dago jakiterik, baina etxean jokatuta berdinketa bat gutxienez lortu beharra daukagu. Zaila izango al da derbia? Bai, ez da erraza izango. Baina ez dago faborito garbirik. Eurek euren futbol zelaian hobeto jokatzen dute, Ibarrakoa baino futbol zelai txikiagoa da Estalakoa, baina gurean ere ondo jokatuko dute. Horrelako partiduetan ez du garrantzirik sailkapenak. Nahiz eta mailaz igo berria den taldea den, jokalari batzuk ezagutzen ditut eta maila oso onekoak dira. Zein da hemendik aurrerako helburua? Azken postuetatik irtetea dugu helburu. Hau da orain daukagun urgentzia. Larri ibili gara orain arte sailkapeneko azken postuetan, baina konfiantza hartu dugu eta horri eutsiz irabazten jarraitu behar dugu. Etxean jokatuta ezin gara esku hutsik, puntu barik gelditu. |
|