Pedro Etxebarria: "Beti esan izan da Espainian diru mordoa gastatzen dela pentsioetan, baina gezurra da"

Leire Kortabarria 2013ko aza. 12a, 01:00

Basotxo elkarteko bazkidea eta Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteko idazkari orokorra da Pedro Etxebarria. Azkenaldian, pentsio sistemaren eta erreformaren gaineko hitzaldiak egiten dabil han eta hemen. Irailean egin zituzten kale-bilkurekin pozik azaldu da, eta azaroan beste bat egingo dutela esan du

Lehenengo aldiz, Gipuzkoa osoko erretiratuak kalera irten zineten protesta egitera.

Bai. Pentsioek erretiratu guztiok batzen gaituzte, denoi eragiten digu, eta baita gure seme-alaba eta ilobei. 5.000 lagun irten ginen, eta hori asko da, baina garrantzitsuena izan zen 40 herritan baino gehiagotan kalera irten ginela. Eta azaroaren 28an berriz batuko gara udaletxeen aurrean, ez udalen aurka gaudelako, baizik eta politikariak udaletxean daudelako.

Erreforma badoa aurrera.

Desastre hutsa da. Kongresuaren azken osoko bilkuran, betiko gehiengoarekin, emendakin guztiak baztertu zituzten. UPNk eta Foro de Asturiasek ere ez dute bat egin Gobernuarekin. Bañez ministroak esan du ezin duela inorekin negoziatu, Europarekin betebeharrak dituztenez, abenduaren 31 baino lehen nola edo hala onartu behar dutelako erreforma.

Erosketa-ahalmen handiagoa galduko duzue…

Oraingoa sinestezina da, jakintsuen batzorde horrek gobernuari hark eskatu ziona eman diolako: irteerak, eta ez sarrerak ukitzen diren sistema bat. Goi-matematikako formula batzuetan oinarritzen da. Batetik, KPIa formulan ipintzen dute, baina, benetan, emaitza ez da inoiz KPIra ailegatzen; KPIa aparkatuta geratzen da pentsioen balio-handitze indize gisa. Urteko balio-handitze koefiziente berriak denoi eragiten digu.

Balio-handitze faktorearekin batera, belaunaldi-arteko ekitate faktorea dago. Bizi-itxaropena gero eta handiagoa izatearekin du zerikusia. Erreformak esan duenez, gero eta gutxiago behar izango dugu, eta tokatzen zaigun pentsioa denbora luzeagoan banatuko digute. Bost urtean behin aplikatuko dute formula, eta, horren ondorioz, bost urtean behin pentsioak txikitu egingo dira, batez beste. Horregatik, gure seme-alabek guk baino gutxiago jasoko dute eta gure ilobek, are gutxiago.

Formula konplexua da.

Ekitate-faktoreak eta balio-handitze faktoreak, biek, pentsioen iraunkortasuna bermatzen ei dute. Baina sistema iraunkorra izan dadin, ez lituzkete diru-irteerak murriztu behar, diru-sarrerak handitu baizik.

Horrekin lotuta, Espainian pentsioetan mordoa gastatzen dela esaten da beti, eta gezur hutsa da hori. Hara: 2007an, Espainiaren Barne Produktu Gordinaren %9,01 gastatu zen pentsioetan; Eurogunean, %12,2. Eta 2010. urtean, Espainian, %10,7; Eurogunean, %13,4. Adituek diote 2030ean Espainian %10,6 gastatuko dela eta Eurogunean, %12,2. Azken urteetan, Estatuko Aurrekontu Orokorretan desbideraketa txikiena izan duen diru-partida Gizarte Segurantzarena izan da. 

Ordea, denok gaude sinistuta Espainian diru piloa xahutzen dela pentsioetan.

1995era arte, ez zegoen pentsio-fondorik; kotizazioen bidez jasotzen zenarekin ordaintzen ziren pentsioak. 1995ean, Toledoko Itunean, inork ukitu ezingo zuen fondo bat sortu zuten. Baina 1995aren eta 2010aren artean, 40.000 milioi euro desagertu ziren fondotik, eta ez dira berriz agertu. 2011n, PP berriz gobernura ailegatu zen, eta 7.000 milioi hartu zituen fondotik, bueltatzeko aginduarekin; baina 3.000 edo 4.000 itzuli ditu, eta gainerakoa ez da agertu. 

Baina kontua ez da hor bukatzen: fondo horrek inbertituta egon behar du, modu dibertsifikatuan eta likideziarekin. Bada, fondoaren %95 Espainiako zorrean dago inbertituta. Espainiako zorrak hotza harrapatzen badu, kobratuko ez duen lehenengoa pentsio-fondoa izango da.

Erreforma horrekin, saldu dutena da beti handituko dela pentsioen balioa.

Nik Bañez ministroari entzun nion esaten pentsiodunak gero eta hobeto egongo ginela, beti jakingo genuelako zenbat kobratu behar genuen. Lotsa eman zidan hori entzuteak. Izan ere, beti kobratuko dugu KPIa baino gutxiago. Eta erreforma honen benetako helburua pentsio-fondo pribatuak sustatzea da: badakigunez gutxi kobratuko dugula, sar ditzagun sos horiek pentsio-fondo pribatu baten. Hori jendea beldurtzea da.

Beldurgarria da, benetan.

Eta Konstituzioaren aurkakoa ere bai. Oposizioak esan zuen, eta elkartekook ados gaude, Konstituzioaren 50. artikuluaren kontra doala. Honela dio artikulu horrek: Botere publikoek pentsio egoki eta aldian behin eguneratutakoen bidez bermatuko dute herritarren burujabetza ekonomikoa hirugarren adinean.

Behin eta berriro esaten digute pentsioak ordaintzeko adina ez dagoela.

1977an, gaur egungo erdia produzitzen zen, gaur egun baino askoz langile gutxiagorekin. Krisia alde batera utzita, Espainiako ekonomiaren produktibitateak ekarri du askoz gehiago ekoiztea askoz jende gutxiagorekin. Orain langile gutxiago badago, kotizazio gutxiago dago. Baina 77an bere ekarpena egin zuen jendea orain erretiratuta dago, eta orain esaten digute ez dagoela guretako adina diru. Baina nola ez da egongo, aberastasun piloa sortu bagenuen eta orain horren bi halako produzitzen ari badira? 

Kapitalizazio sistema solidario baten alde zaudela esan izan duzu.

Lagun Arorena, adibidez, kapitalizazio-sistema bat da: hainbeste ipintzen duzu, hainbeste tokatzen zaizu. Gu sistema solidario baten alde gaude, denek ezin dutelako hainbeste diru pilatu. Edozelan ere, Europako herrialde batzuetan, pentsioak ez dira kotizazio bidez ordaintzen, zergetatik baizik; beste batzuetan, sistema mistoak daude, kotizazio eta zerga bidezkoak. Espainian, sarreretan sartu beharko lukete eskua. Erretiratuon produktibitatearekin, piloa ekoiztu izan da; bada, har dezatela hortik pixka bat eta sarrerak elika ditzatela, zerga bidez.

Zuen mezua argia da: pentsioak ukitzen dituenak ez du zuen botoa jasoko. Kontzientzia hori erretiratu guztiek izango ote dute?

Gaur egun, PPk bakarrik defendatzen du erreforma hori, baina bozketan abstenitzen dena ere gure aurkako boto gisa hartuko dugu. Mobilizazioekin, gure helburua da erretiratuari gogoraraztea oraindik protagonista dela eta botoa duela. Pentsiodun asko prekarietatean bizi dira;  gaur egun, erretiratu asko bizi dira 700 euro baino gutxiagoko pentsio batekin. 

Beste gehiengo politiko batzuekin legea bertan behera geratuko dela uste duzu? 

Nik ziurtzat joko nuke legea aldatu egingo dela. Baina erretiratuon aurkako erasoa ez da oraingoa; Zapaterok izoztu zituen pentsioak, eta Toledoko mahaian esan zuen noizbait kontuan hartu beharko zela bizi-itxaropena. Orain PSOE PPren aurka dago, baina Zapaterok ere kapitalari men egin zion. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak