Aretxabaletan ere Bizilagunak ezagutu guran

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko aza. 8a, 16:29

Bizilagunak ekimenak bigarren urtea beteko du aurten; iaz Gipuzkoako toki batzuetan eraman zuten aurrera eta aurten, ostera, Euskal Herri osora zabaldu da elkar ezagutzeko proposamena. Azaroaren 17rako egin dute deialdia.

Aretxabaletan ere ekimena aurrera ateratzeko ahaleginetan ari da Hiruatx elkartea; horretarako Loramendirekin, Basotxorekin eta GuHaziakGara elkarteekin ipini dira kontaktuan mezua zabaltzen lagun diezaieten.

Bi familia mahaiaren bueltan

Europa mailako ekimena da, eta Euskal Herrian SOS Arrazakeriak taldeak kudeatzen du Bizilagunak. Egitasmoaren ideia oso sinplea da: bertako eta jatorri kanpotarreko familia banak jatordu bat konpartitzen dute elkar ezagutzen duten bitartean.

"Oso garrantzitsua da, pertsona eta errealitate ezberdinak ezagutzeak aurreiritziak apurtzeko balio duelako", diote antolatzaileek. Gainera, kultura, ohitura eta bestelakoak partekatzeko aukera eskaintzen du.

Iazko kasuan, esaterako, Gipuzkoako 120 familiek hartu zuten parte Bizilagunak egitasmoan. Eta aurten Hiruatxeko kideek aretxabaletar guztiei egin gura diete dei ekimenarekin bat egin dezaten.

Loramenditik, Bizilagunak oso ideia ona dela uste dute: "Gure bazkideen artean zabaldu dugu azaroaren 17an Euskal Herriko toki ezberdinetan garatuko den ekimenaren berri eta bat egin dezaten gonbidatu ditugu; baita Auzoko egitasmoan parte hartzen dutenen artean ere".

Aurretik eman behar da izena

Jende berria ezagutuz eta ordu batzuk elkarrekin igaroz une aberasgarriak igaroko dituzte parte hartzaileek: "Asko baitago deskubritzeko".

Izena emateko modu ezberdinak daude: www.mugak.eu helbidean Bizilagunak atalean sakatu eta orria betez; 943 321 811 telefonora deituta zein info@mugak.org helbidera idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak