Aretxabaletako 2014ko udal tasak %2 igotzea onartu dute

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 22a, 13:54

Ezohiko osoko bilkura egin zuten atzo arratsaldean Aretxabaletan. Gai nagusia 2014ko ordenantza fiskalak izan ziren eta ahobatez onartu zituzten datorren urteko udal tasak. Bestalde, EH Bilduk aurkeztutako 'Epaiketa politiko gehiagorik ez' mozioa onartu zuten, Aralar eta Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.

Atzo ezohiko osoko bilkura egin zuten Aretxabaletan, eta besteak beste, datorren urteko udal tasak izan zituzten hizpide. Ahobatez onartu zituzten 2014ko ordenantza fiskalak, Bilduko, Aralarreko eta EAJko udal ordezkariek.  Ana Bolinaga alkateak aditzera eman zuenez, alderdi guztiek ulertzen dute egun "herritarren egoera ekonomikoa zein den" eta horregatik ez zaie kostatu akordio batetara iristea.

Orokorrean, %2ko igoera izango dute udal tasek datorren urtean; uraren tasan igarriko da igoera, baita zaborrarenean, zein ondasun higiezinen gaineko tasan ere. Ibarra kiroldegiko tarifan ere igoera berdina aplikatu da.

Baina salbuespenen bat ere egongo da. Esate baterako, portzentajea barik, zenbait zerbitzutan 10 eurotako igoera adostu zuten atzoko ezohiko bilkuran. Esaterako, ludoteka zein ikastaroetan.

Bestalde, tabernen terrazen gaineko tasek 2014an aldaketa izango dute. Durana kaleko, Herriko Plazako, Iralabarriko zein Eguzki plazetako tabernek izango dute %2ko igoera. "Nolabaiteko toki pribilegiatuetan daudela uste dugu, dela parkeak daudelako bertan edo ekitaldi kulturalak taberna horien inguruan antolatzen direlako". KPIa aplikatuko zaie eta ondorioz, %2a igoko da ordaindu beharko dute.

Periferian dauden tabernek, ostera, "diskriminazio positiboa" izango dutela azaldu zuten. Horiek %10eko jaitsiera edukiko dute astelehenean erabaki zutenez, "euren eguneroko ekonomian laguntzeko modu bat da".

'Epaiketa politiko gehiagorik ez' mozioa onartuta

EH Bilduk gainera, Epaiketa politiko gehiagorik ez izeneko mozioa aurekztu zuen. Besteen artean, instrukzio bidegabeetan oinarritutako epaiketak geratzea eskatu zuten. Mozioaren alde bozkatu zuten Bilduko eta Aralarreko udal ordezkariek eta EAJ ostera, abstentenitu egin zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak