Saskibaloia hobeto ezagutzeko, saski-eskola Aretxabaletan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 18a, 10:40

Aretxabaletako neska-mutilek saskibaloian murgiltzeko aukera daukate. Saski-eskolaren bidez, kirol hori ezagutu eta talde lana zein esfortzua moduko baloreak bereganatuko dituzte. Ibarran izango dira eskolak; nesken taldeaz Eskoriatza KE arduratuko da, eta Ointxe! saskibaloikoak, ostera, mutilen taldeaz.

Saskibaloia ezagutu eta probatzeko aukera. Horixe eskainiko du saski-eskolak Ibarra kiroldegian 2013-2014 denboraldian. Eta nortzuk parte hartu ahal izango dute bertan? Hirugarren, laugarren eta bosgarren mailako neska-mutilek, hau da, 7 eta 11 urte bitartekoek.

Hala, Aretxabaletako gaztetxoek kirol hau ezagutu dezaten, beste bi herrietako saskibaloi taldeen laguntza edukiko dute, batetik Eskoriatza kirol elkartearena, eta bestetik, Ointxe! saskibaloi taldearena.

Baloreen transmisioa

Josu Larreategi Ointxe! taldeko kidea da eta urteak daramatza saski-eskola gidatzen. "Asier Mujika kirol teknikaria kirol elkarteekin kontaktuan ipini zen Debagoieneko saski-eskolaren metodologia bateratua izateko. Hala, Arrasateko eta Bergarako eskaintza bera emango dugu Aretxabaletan".

Saskibaloia baliatuz, balore berdinak transmititu gura dituzte: talde lana, errespetua, diziplina, lehiakortasuna... Eta guzti hori egiteko dibertsioa ere ez da faltako. "Ongi pasatzea funtsezkoa da eta jolasak, koordinazio ariketak, baloiarekin jokoak eta beste egingo ditugu".

Probatzera animatuz

Saski-eskolan izena emateko aukera urte guztian zehar egongo da. Eta azpimarratu gura izan dute neska-mutilek multikirolean izena emanda egon behar dutela. Azaroa amaiera bitartean, gainera, doakoa izango da, eta jarraitu gura izanez gero, "100 euroko kuota ordaindu beharko da denboraldi guztirako".

Aretxabaletako Udalarekin iritsitako akordioak jasotzen duenez, Eskoriatzako kirol elkartea arduratuko da herriko nesken saski-eskolaz. Astelehen eta eguaztenetan elkartuko dira, 18:00etatik 19:00ak arte.

Arrasateko Ointxe! taldea izango da, ostera, Aretxabaletako mutilei saskibaloia gerturatzearen arduraduna. Eta hauek egubakoitzetan izango dute elkartzeko eguna, 18:00etatik 19:00ak bitartean.

Amaitzeko, bai nesken eta baita mutilen taldeen babesle ofiziala Mondragon Lingua izango dela eman dute aditzera saski-eskolako kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak