Atletismoko argazkiak eskatu dizkiete herritarrei Arkupeko abenduko erakusketa osatzeko

Iure Eizagirre 2013ko urr. 15a, 12:59

Herrian atletismoak izandako lekuaren adierazle izango den erakusketa egingo dute abenduan Arkupen. Horretarako, ordea, argazkiak behar dituzte eta antolatzaileek aretxabaletarren laguntza eskatu dute.

Azken urteetan herrian egin diren probetako edo bertako korrikalarien argazkiak jaso nahi dituzte. Hauek dituztenei, irudiak Arkupeko harreran uzteko deia egin diete eta nahiago dutenek hirigintza@aretxabaleta.net helbidera bidal ditzakete.

Oraindik ez dute zehaztu argazkiak jasotzeko amaierako eperik baina lehenbailehen esku artean izatea komeni da, digitalizatu egin behar dituzte-eta.

Herriko korrikalariak gogoan

Abendu osoan egongo da atletismoari buruzko erakusketa zabalik Arkupen. Kirol honen historia jasotzeaz gain, herrian zeresana eman duten bizpahiru korrikalariren irudia nabarmentzea izango da bere helburua.
Horietako bi aurten hil dira: Fernando Aguilar eta Joseba Larrinaga. Lehena Espainiako txapeldun izan zen bai krosean baita pistan ere, eta 1964ko Tokioko Joko Olinpikoetan ere hartu zuen parte. Duela hilabete gutxi auto batek harrapatuta hildako Larrinagak ere bazuen esperientzia olinpikoa, izan ere, 1996ko Atlantako eta 2000ko Sidneyko Joko Paralinpikoetan izan zen.

Antolatzaileak bi korrikalari hauen familiarekin jarri dira harremanetan argazkiekin batera zenbait material bildu eta erakutsi ahal izateko.

Gainera, Aguilar eta Larrinagarekin batera, Ramon Jausoro korrikalaria aintzat hartuko dute erakusketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak