Lehiaketa bidez hautatuko dute irakur punturako irudia

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 11a, 17:14

Aretxabaletako Udal Liburutegiak 2014ko irakur punturako irudia hautatzeko lehiaketa ipini du martxan. Orain arte ez bezala, sariketa bidez erabakiko da marrazkia eta  azaroaren 8ra arte egongo da lanak aurkezteko epea. Irabazleak 200 euro eskuratuko ditu.

"Lehenengo aldiz antolatu dugu irakur punturako marrazki lehiaketa. Herritar guztiak animatu gurako genituzke parte hartzera". Hala azaldu du Joseba Lopez de Armentia liburutegiko arduradunak.

Orain arte markatzaileetan agertu izan den irudia enkarguz eskuratu izan da; aurten, baina, beste bide bati heldu eta herritarrei gura duten lana aurkezteko aukera eman diete.

Gaia eta teknika libreak

Azaroaren 8a baino lehen aurkeztu beharko dira lanak. Zehaztu dituzte lehiaketaren oinarriak: "Marrazkien gaia librea da, ez du zertan literaturarekin zerikusirik izan behar". Gura duten teknika ere baliatu dezaketela gaineratu du Lopez de Armentiak: "Eskuz eginiko lanak aurkeztu daitezke, baina baita ordenagailuz sorturikoak ere". Baina irudiaz gain, lelo bat ere azaldu beharko da aurkeztutako lanean.

Lehiaketan izena ematera animatzen direnek 14 urte baino gehiago izan behar dituzte. Eta lanek hainbat baldintza bete beharko dituzte, antolatzaileek azaldu dutenez. Besteen artean, 21 zentimetroko altuera eta 5,6 zentimetroko zabalera eduki behar dute tamainari dagokionez. Gainera, irudiek originalak izan behar dute, hau da, sekula argitaratu gabe egon behar dira.

Lanak udal liburutegian aurkeztu beharko dira azaroaren 8a baino lehen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak