Azken joeren erakusleiho bilakatuko da gaur Durana

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 11a, 11:00

Beste behin ere aterako dute kalera alfonbra gorria Aretxartekoek, eta, ostera ere, herritarrek modelo lanak egingo dituzte gaur, 18:30ean hasita.

Denboraldiko joerak erakusteko modua –eta aitzakia– izaten da desfilea, Aretxabaletako merkatarien elkarteko presidente Idoia Elexpuruk aditzera eman duenez. "Herriko merkataritzari bultzadatxoa emateko sortu genuen Aretxartetik desfilea; gaurkoa seigarrena izango da".

Udazkeneko eta neguko joeretan herriko dendetan egongo dena bertatik bertara ikusi ahal izango dute herritarrek. "Sarri, kanpora joaten gara erosketak egitera, herrian zer dagoen jakin barik. Maiz ez dugu ohiturarik bertako dendetan sartzeko eta saltseatzeko. Aukera bat eman behar zaio bertakoari, eta ekintza honek kalera ateratzen du gure eskaintza".

UDAkoek euren tokia

UDAkoak ere desfilean izango dira. Taberna ipiniko dute Mitarten, eta jatekoa eta edatekoa salduko dituzte. Kirol elkarteko Igor Arenatzak herriko ekintzetan nahasita egotearen garrantzia azpimarratu du. "Aretxartekoak ekimen honekin hasi zirenetik beti egon gara hor. Bide horretan elkarrekin jarraitu dugu, eta aberasgarria da hartu-eman horrekin segitzea".

Eta Elexpuruk ere denbora honetan guztian elkarrekin aritu izana polita dela esan du: "Herri txikia gara, denok ezagutzen dugu elkar eta horrelako ekintzetan batera aritzeak ekimena bera indartzen du". Baina taberna ipintzeaz gain, hainbat jokalarik desfilatu ere egiten dute, Elexpururen esanetan.

50 lagunetik gora

50 lagunek baino gehiagok desfilatuko dute gaur. "Lotsak egon badaude, baina eskertzekoa da jendea prest azaltzea ekimenean parte hartzeko".

Hala, gaur, Kilima, Haurrak, Belar Meta, Titare, M5, Begira, Amaia eta Asensio dendetako udazken-neguko joerak ikusteko aukera egongo da, musikaz eta janariz girotuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak