Lomce legea "atzerakoia" dela-eta, Bilbora joateko deialdia egin dute hezkuntza eragileek

Irati Goitia 2013ko urr. 9a, 15:39

Aretxabaletako hezkuntza eragileek zapatuan Bilbon Lomce legearen aurka egingo den manifestazioarekin bat egin dute. Adierazi dute, besteak beste, lege atzerakoia dela eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dute.

"Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienok -ikasle, familia, langile eta beste hainbat elkarte eta erakundek- argi adierazi dugu azken hilabeteotan Wert hezkuntza ministroak inposatu nahi duen Lomce hezkuntza erreformarekiko gure aurkakotasuna", adierazi zuen Iñigo Louvelli hezkuntza zinegotziak, atzo Arkupen egin zuten pentsaurrekoan. Hala, Aretxabaletako hainbat hezkuntza eragilek, zapatuan, Bilbon Lomce legearen aurka egingo den manifestaziorarekin bat egiten dute:  Pausokako irakasle eta guraso elkartekoek, Almen ikastolakoek, Lanbide Eskolako langile eta irakasleek, Kurtzebarriko Lehen Hezkuntza eta DBHko eragile eta guraso elkarteak, Basabeazpi ikastolakoek, HUHEZIk eta Loramendi elkarteak.

Lege "atzerakoia"

"Lege hau bertan behera uztea exijitzen dugu.Izan ere, zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista da. Ez dugu inola ere Euskal Herrian inposatzea onartuko", esan zuen Louvellik. Hala, Lomce legeari euren aurkakotasuna adierazi eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatu zuten.

Euskal Herriko Sistema propio hori eraikitzeko euren konpromisoa ere erakutsi zuten atzo batu ziren hezkuntza eragileek eta arduradun politikoei ere eskatu diete konpromisoa: "mobilizazio honekin gure ezadostasuna adierazteaz gain, Nafarroako eta EAEko Legebiltzar eta Gobernuei eskatzen diegu Lomce-a gure herriko ikastetxeetan ez dezatela aplikatu eta horretarako bitarteko guztiak erabil ditzatela".

Hezkuntza komunitateaz haratago, euskal herritar guztiei egiten diete zapatuan Bilbora joateko deia. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Jesus Bihotzetik.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak