Barrearen bidez barneak husten eta erlaxatzen ikasiko dute bihar

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 4a, 12:32

Barreterapiaren onurak zeintzuk diren ikasteko, Jaiki elkarteak antolatuta hiru ordutako saioa egingo dute bihar, zapatua, kuartel zaharrean. "Mugimendu eta jolasen bitartez kar-kar-kar barre egingo dugu eta modu horretan gorputzeko tentsioak askatu eta gozatu eta gogoratzeko".

Barneko emozioak askatzeko balio du barre egiteak, eta, era berean, baita erlaxatzeko eta gozatzeko ere; oro har, ekintza osasungarria da barrez lehertzea. Barreterapia saioetan bakoitzak barne-barnean daukan barre hori bilatu gura izaten dute. 

Bihar, zapatua, kuartel zaharrean elkartuko dira, 10:30ean, Auria Diharceren gidaritzapean, hiru orduan zehar barrea lantzeko. Jaiki elkarteak antolatu du saioa eta bertako kide Maier Etxebarriak barreterapiaren garrantzia azaldu du: "Barrenak husteko, gorputza lasaitzeko eta aire fresko apur bat sartzen uzteko aproposa da".

Barrearen bidezko terapiaren onura gehiagoz ere egin du berba: "Bizimodu azkar honetan tarte txiki bat hartu behar da kontzientzia momentuan eta lekuan bertan jartzeko. Egon, mugitu, jolastu eta barre egin. Eta horrek guztiak sortzen duen plazerari lekua egin behar zaio gure bizitzan".

Gorputz mugimendua

Bestalde, urriaren 8tik (martitzena) aurrera eta Gabonak bitartean, gorputz-mugimendu laborategi bilakatuko da kuartel zaharra, Carla Fernandezen eskutik. Martitzenetan izango da, 17:30etik 19:30era.

"Dantza, kontzientzia, sentikortasuna eta kontaktua oinarri hartuta, praktika sortzailerako gunea izan gura du laborategiak. Gure gorputzak entzuten eta ulertzen ikasiko dugu eta espazioan mugitzeko eta espresatzeko gaitasuna garatu, mugimenduaren arteen diziplina ezberdinak erabiliz".

Izen-ematea ireki dute jaikielkartea@yahoo.es helbidean. 60 euro ordaindu beharko dituzte langileek eta 50 euro ikasle eta langabeek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak