Belorrietako espaloiak hobetzeko lanak, azaroan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 4a, 11:00

Osoko bilkura egin zuten astelehenean Aretxabaletan. Besteak beste, Belorrieta inguruko espaloien egoera hobetzeko lanak izan zituzten hizpide. Aretxabaletako Udalak 58.691,49 euro bideratuko ditu hobetze lanak egiteko.

"Azken urteetan herriko lan txikiei ez zaie behar besteko garrantzirik eman eta espaloi horien egoera hobetzea funtsezkoa dela uste dugu". Hala azaldu du Ana Bolinaga alkateak. Hirigintza Sailetik aditzera eman dutenez, azaroan egingo dituzte lan horiek eta 58.691,49 euroko aurrekontua dago.

Osoko bilkuraren aurretik, baina, txikiagoa zen proiektura bideratutako diru kopurua. Astelehenean onartu zuten aurrekontua handitzea, EAJren abstentzioarekin. "Espaloi horien egoera benetan kaxkarra da eta badakigu. Baina gure abstentzioa beste bide batetik dator. Hasiera-hasieratik gabiltza esaten aurrekontua berraztertu egin beharko litzatekeela, dirua mugitzen hasi aurretik". Hala azaldu du Mikel Uribetxebarria EAJko zinegotziak.

Herritarrekin batera aurrekontuak lantzerakoan zehaztutako inbertsioa dela esan du Bolinagak. Aurretik bestelako lan batzuei egin behar izan diete aurre, haren esanetan, eta aurreikusita zituzten beste batzuk alboratu. "Dirua badagoela ikusita handitu dugu espaloientzako aurrekontua".

Gainera, inguru horietako kexa ugari jaso direla gaineratu du, batez ere, bertatik pasiatzen ibiltzen diren hirugarren adineko pertsonena. "Udal bezala ez genuke erdigunean horrelako kalerik onartuko, ezta zuloz betetako autoentzako errepiderik ere, esaterako. Oinezkoei eman behar zaie lehentasuna, eta zentzuduna da bertan hobetze lanak egitea".

Haritz Solupe, zinegotzi berria

Bestalde, astelehenean Haritz Solupek (EAJ) zinegotzi kargua hartu zuen, eta, hala, Mari Carmen Astigarragaren tokia beteko du aurrerantzean.

Atxilotuen aldeko testua

Horrez gainera, Herrirako atxilotuen aldeko testua irakurri zuten osoko bilkuran. "Egoera zailak bizi arren eta askotan gertatzen direnak ez ulertu arren, herrigintzan eta borrokan jarraitu behar du herri honek", gaineratu du Bolinagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak