Inoiz baino jende gehiago aurtengo San Migel bezperan

Ander Larrañaga 2013ko ira. 28a, 22:43

Baserritarrez jantzita hurbildu dira azokara aretxabaletar gehienak. Barazki, talo, sagardo eta abarren artean hasi da zapatua Durana kalean. Lainotuta esnatu da Aretxabaleta, baina honek ez du geldiarazi jendea etxean: 13:00ak aldera erdiko kalea eta herriko plaza jendez gainezka baitzegoen. Arratsaldean, herri bazkaria egin ostean, Beinke-Loramendi dantza taldekoek eta beste herritar askok Larrin Dantza egin dute herriko plazan.

Talo usaina nabaria izan da goiz osoan zehar Durana kalean. Azokak jende asko erakarri du urtero lez: hasieran jende gutxiago ikus zitekeen baina eguerdi aldera kaleak betetzen hasi dira.

Herritarren parte-hartzea

Adin guztietako jendea zegoen azokan: txikienetatik hasita, helduenetaraino. Kurtzebarri eskolako haurrek urte osoan zehar landatutako barazkien postua bertan egon da eta beste aretxabaletar askok ere euren postua ere jarri dute. Ana Bolinaga alkateak adierazi duenez, San Migelak (abuztuan ospatzen diren Andramaixekin batera) munduko jairik onenak dira "herritarrek parte hartzen dutelako eta kalean laguntzen egoten direlako".

Arratsaldean ere, ez dira etxean geratu aretxabaletarrak: herri bazkaria amaituta, dantzan egitera animatu dira asko, Beinke-Loramendi dantza taldekoekin batera. Dantzariek azaldu dutenez, "aurten inoiz baino jende gehiagok hartu du parte Larrin Dantzan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak