Pentsioen etorkizun konplexua azaldu zien Emilio Olabarria diputatuak aretxabaletarrei

Iure Eizagirre 2013ko ira. 24a, 13:17

Bada etorkizunik pentsioetan? hitzaldia eskaini zuen atzo Emilio Olabarria Madrilgo Gorteetan EAJ-PNVko diputatuak Aretxabaletan. 70 pertsona inguru, gehienak adindunak, batu ziren Arkupeko Zaraia aretoan. Espainiako legeen ondorioz etorkizuna zaila izan badaiteke ere, egungo pentsio sistema EAEn jasangarria dela onartu zuen.

Barrea eragiteko hainbat esaldi erabilita, umore ukitua eman nahi izan zion Olabarriak atzoko hitzaldiari baina uneoro izan zuen gogoan azaltzen ari zen gaiaren seriotasuna.

Olabarriak adierazi zuenez, PP alderdiak onartutako Pentsioen Lege Aurreproiektuak gastua murriztea aurreikusten du. Pentsioen balio handitzea ez du KPIrekin lotu nahi eta horrek pentsiodunen eroste ahalmena gutxituko duela ekarri zuen gogora, baita etorkizunean pentsioa bizi-itxaropenaren arabera, eta ez bakoitzak lan egindako urte kopuruaren arabera, ezartzea aurreikusten dela ere. Europako hainbat estatutan pentsioetara BGPren %17 eta Espainian %10 bakarrik bideratzen dela gaineratu zuen.

Sarrerak handitzearen alde

PPren erreformaren aurrean, pentsio sistemako sarrerak handitzea da EAJren proposamena. Horretarako Olabarriak ezinbestekotzat jo zuen ezkutuko ekonomiarekin amaitzea, kotizazio-oinarrien zatikatzea eta langabeziaren aurka borrokatzea. Gainera, langabeziarekin amaitzeko PPk bi lege bakarrik proposatu izana kritikatu zuen.

Bi alderdien ikuspegia ezberdina bada ere, EAJ PPrekin negoziatzeko prest dagoela aitortu zuen Olabarriak: "Baina oraingo Lege Aurreproiektuarekin jarraitzen badute, ezetz bozkatuko dugu".

Sistema jasangarria EAEn

Herrialdeen jaiotze-tasak pentsio sisteman zeresan handia duela aitortuta, EAEko jaiotze-tasa baxua azpimarratu zuen Olabarriak. Hala ere, egungo pentsio sistema gurean jasangarria ei da, batetik langabezia tasa Espainiakoaren erdia delako eta bestetik, langileen ehuneko aipagarri batek gehienezko kotizazio-oinarria kotizatzen duelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak