Aretxabaleta Abesbatza ahots ederren bilgune 32 urteren ostean

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko ira. 20a, 19:02

Afizioak batu ditu 38 lagun Aretxabaleta Abesbatzaren inguruan. Ez da talde berria, 1981an sortu baitzen eta ordutik euri asko egin du; leku askotara bidaiatu dute, herriko jaietan parte hartzen dute...

Beteranoa da Aretxabaleta Abesbatza; 1981a ezkero elkartzen dira kideak kanturako. Urte hauetan gauzak asko aldatu direla eman du aditzera Angel Barandiaran zuzendariak. "Zaletasunak aldatzen joan dira, eta, horren ondorioz, gure gisako koruan gazte gutxik hartzen dute parte". Dena dela, egun 38 lagunek osatutakoa da Aretxabaleta Abesbatza.

"San Jose egun batez hasi ginen kantuan. Hasiera-hasieratik konpromiso zehatza ipini genion gure buruari: herriko jai nagusietan parte hartzea, hain zuzen". Esan eta bete. Hala, Urteberri egunean, Gabonetan, San Inazio egunean, Andramaixetan eta San Migeletan parte hartu izan dute kideek, besteak beste.

Askotariko estiloak interpretatu izan dituzte, gainera, Aretxabaleta Abesbatza osatzen duten kantuzaleek. "Gregorianoak, hemengo zein kanpoko folkloreetako abestiak eta zarzuelak... Denetarik abestu izan dugu". Hala azaldu du Nuria Fernandez de Arroiabe presidenteak.

Munduan zehar bidaiatzen

Aretxabaletan ez ezik, kanpoan ere aritu izan dira. "Euskal Herriko hainbat txokotan kantatu izan dugu, noski, baina kanpoan ere sarritan ibili gara: Frantzian, AEBetan, Italian, Espainian...".

Badute zer kontatu, gainera. "Vaticanoko liturgia batean kantatzen zuen lehenengo euskal korua izan ginen; 1986an izan zen. Oroitzapen politak ditugu".

San Migel jaiak eta Copreci

Bestalde, datorren irailaren 29ean San Migel jaietan elkartuko dira,  eta, Copreciren 50. urteurrena ospatzeko, emanaldi berezia egingo dute abesbatzako kideek. "Lantegia presente dagoen tokiko kantuak interpretatuko ditugu, –Txina, Mexiko, Turkia, Brasil, Txekia eta Euskal Herria"–. Eta abesti horietariko batzuk dantzekin girotuko dituzte, gainera. "Lantegia oso garrantzitsua izan da herriarentzat, merezi du. Zorionak, Copreci!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak