Aretxabaletako 13 komertziok deskontu ederrak eskainiko dituzte bihar

Mirian Biteri 2013ko ira. 13a, 13:39

Ixadebalde beherapenen azoka egingo dute bihar, zapatua, herrian. Aretxarte Merkatarien Elkarteak antolatuta, deskontu ederrak topatzeko aukera izango dute erosleek egun osoan; azoka 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik Mitarte kalean. 

Edizio honetan herriko 13 komertziok hartuko dute parte; erosleek askotariko produktuak topatuko dituzte postuetan, hala nola, arropa, osagarriak, zapatak eta baita umeendako jostailuak ere. Eskaintza gehienak amaitzear dagoen udako produktuarenak izango badira ere, bestelako denboraldiakoak ere aterako dituzte kalera dendariek. Azken horren harira, honakoa azpimarratu gura izan du Aretxarteko presidente Idoia Elexpuruk: "Aurten eguraldiak ez du larregi lagundu; ez dugu udaberririk izan, eta uda ere oso berandu hasi da. Beherapenetan salmentak txarto joan ez badira ere, zer eskaini badugu oraindik eta horixe da, hain justu, Mitarten jarriko duguna, baina baita beste denboraldietako produktuak ere".

Herriko trikitilariak

Betiko moduan, Ixadebalde azokaren bueltan, askotariko ekintzak izango dira egunean zehar. Musika ez da faltako: 12:30etik 14:00etara, Libe eta Lur herriko trikitilariek Mitarte girotuko dute; eta arratsaldean, 18:00etatik azoka itxi arte, Beñat eta Julene aretxabaletarrek hartuko dute beste bien lekukoa.

Horrez gain, umeendako jolasak eta tailerrak gertatu dituzte oraingoan ere: 17:30etik 20:00etara, besteak beste, aurpegia margotzeko aukera izango dute etxeko txikienek.

Bazkide txartelak banatzen

Bestalde, UDAkoak gonbidatu dituzte; bazkide txartelak banatzearekin batera, herriko kirol elkartean izena emateko aukera eskainiko dute azokan izango duten postuan.

Edatekoa eta jatekoa ere izango da Aretxartek berak kudeatuko duten tabernatxoan. Gertu eta Brasileña kafeak dendakoak arduratuko dira mokadutxoak jartzeaz. Eta horrez gain, erosleen artean 150 euroko otarra ere zozketatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak