'Jar Gaitezen': etorkizuneko herria marrazten joateko tresna berria

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko ira. 13a, 11:27

Aretxabaletari buruzko zer-nolako irudia daukate herritarrek? Zertan hobe daiteke? Zer aldatu beharko litzateke? Zer mantendu eta zer sustatu? Horri guztiorri erantzuteko asmoz, Aretxabaletako Udalak Bagararen laguntzarekin 'Jar gaitezen' ekimena abiarazi du eta jendaurrean aurkeztuko dute datorren eguenean, irailak 19, Arkupen.

Ekimenaren jatorria iazko aurrekontu parte-hartzailean dagoela eman du aditzera Bagarako Arkaitz Biainek: "Parte-hartze bidez 2013ko aurrekontuen ildoa zehaztu zen. Dinamikari jarraipena eman gura izan diogu, eta, orain, herriko beharrei kasu egingo diegu".

Diagnosi komunitarioa egitea izango da, beraz, oraingo asmo nagusia. "Herritarrekin batera Aretxabaletaren argazki bat atera gura dugu, herriaren egoera zein den eta zer behar dauden ikusi eta gerora egin beharreko lana zehazteko". Hala, ahalik eta sektore gehienek parte hartzea gurako luketela eman du aditzera Biainek, "emaitza ahalik eta anitzena izan dadin". 

Ana Bolinaga alkateak,bestalde, nabarmendu gura izan du garrantzitsua dela horrelako proiektuetan herritarrekin batera aritzea. "Aretxabaleta eraikitze prozesu honetan zer-nolako herria gura dugun marraztuko dugu guztion artean. Baina ez dugu gauza fisikoez bakarrik berba egingo; kultura, historia, hezkuntza, berdintasuna, justizia eta askatasuna ere esku artean izango ditugu, esaterako".

Lantaldetan banatuta

Maiatza eta uztaila bitartean hasi ziren prozesua zehazten: "Orduan, herriko eragileekin bilerak egin genituen, eta, hain zuzen, haiek esandakoek gure lan ildoak zeintzuk izango diren finkatzen lagundu digute".

Iraila eta azaroa bitartean, berriz, beste urrats bat egingo dute Jar Gaitezen egitasmoan: herritarrez osatutako lau lantalde sortuko dituzte eta bakoitzean  hainbat esparru jorratuko dira. Lehenengoan, euskara, hezkuntza eta gazteria arloak egongo dira; bigarrenean, hirigintza eta ingurumena; kultura, kirola eta herri bizitza hirugarrenean; eta, azkenik, sozioekonomia eta ongizatea laugarrenean.

Bilerak egingo dituzte ondoren talde horietan, "pare bat bakoitzean". Eta irteten diren ondorioekin lan ildo batzuk zehaztuko dituzte, azaroa eta urtarrila bitartean. "Orduan, helburuak lortzeko herritik zer egin daitekeen ikusiko da; eta herritik esaterakoan, Udalarena izan daiteke aurrera eramateko ardura, baina baita norbanako zein eragileena ere".

Taldeak, askotarikoak

Jar Gaitezen prozesuan sortuko diren taldeak askotarikoak izatea gura dute ekimenaren sustatzaileek. "Ez dugu gura alor horietan adituak edo beti nahasita egon direnek soilik parte hartzea, horrek asko mugatuko bailuke emaitza. Herritarrek eurek erabaki dezakete non parte hartu". 

Bolinagak, bestalde, Udalak talde horietan izango duen zereginaz egin du berba: "Gu herritar bezala beste herritarrekin arituko gara, maila berean, eta ez, sarritan, administrazioaren eta herriaren artean izaten den egitura piramidalean".

Proiektuaren xehetasun gehiago irailaren 19an emango dituzte, 18:30ean hasita, Arkupen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak