Urriaren 3an hasiko da Aditukom MUn

Imanol Beloki Unamuno 2013ko ira. 6a, 12:32

Mondragon Unibertsitateak urriaren 3an hasiko du Komunikazioa Erakundeetan aditu tituluaren bigarren edizioa Aretxabaletako campusean. Lizentziadun berriei eta lanean ari diren pertsonei zuzendua egongo da. Bederatzi hilabeteko ikastaroa izango da eta ostegun arratsaldetan emango da euskaraz. Matrikulatzeko azken eguna berriz, irailaren 30a izango da.

Aditu tituluaren helburua komunikazio paradigma berriak ulertzea eta horiek erakundeetan duten eragina aztertzea izango da. Honela, erakundeetako profesionalak prestatu nahi dira, hauek komunikazio jarioa bideratzeko. Gainera; lanean ari diren enpresei, elkarte eta erakundeei zuzenduta dago, batez ere komunikazioaren alorrean. Aditu titulu honekin enpresa-komunikazioaren nondik norakoa ezagutzeko eta menderatzeko oso egokia da lizentziadun berrientzat, bereziki ikasketa hauek dituztenentzat: Ikus-entzunezko Komunikazioa, Humanitateak eta Enpresa, Kazetaritza, Lan Harremanak eta Industria Antolakuntza Ingeniaritza.

Aditu titulua 30 ECTS kreditutan banatuta dago, 15 edukietarako eta beste 15 proiekturako. Edukietan %15 presentziala izango da eta gainerakoa, ikasleak bere kasa egin beharko du. Edukiak zortzi materiatan banatuko dira: Marketin eta komunikazio oinarriak, Komunikazioa erakundeetan, Baliabide teknologikoak, Jarrerak komunikaziorako, Enpresa eta erakundearen kultura berriak, Jende eta kamera aurreko komunikazioa, Mintegiak adituekin eta azkenik Proiektua: definizioa, tutoretzak, garapena eta aurkezpena. Ikasturte amaieran, ikasleak titulu bat jasoko du, hartutako kreditu kopuruaren araberakoa.

Ikasketa hau proiektuen metodologian oinarrituta dago. Horretarako, proiektu errealak oinarri hartuta (15 ECTS), ikaslea izango da ikaskuntzaren ardatz. Praktikotasun horretan sakontzeko asmoz, ikasle bakoitzak kurtso amaierako proiektu bat osatu eta aurkeztu beharko du. Lan hori bideratzeko, ikasle bakoitzak tutore bat izango du. Halaber, tutoretza saioak antolatuko dira, taldeka zein bakarka. Kurtsoaren hasieratik komunikazio arazo erreal bat identifikatuko da eta proiektuaren ardatza arazo horri konponbidea ematea izango da.

Bederatzi hilabeteko ikasketa honek 3.900 euroko prezioa izango du. 2013ko urriaren 3an hasiko da eta 2014ko uztailaren 5ean amaituko da, ikasleek proiektuak aurkeztu ondoren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak