'Ratas' lanak eguenean irekiko du iraileko antzerki egitaraua

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko ira. 9a, 11:09

Irailaren 12an, eguenean, Atakados Teatro taldeak bere egingo du Zaraia aretoko oholtza eta 'Ratas' izeneko antzezlana ekarriko du Aretxabaletara; 19:00etan hasiko da emanaldia. 

Galdera baten dauka abiapuntua Ratas-ek: ze gertatuko litzateke egun baten, inongo arrazoi argirik gabe, gure sen primarioen alderdi beltzenak aterarazteko, lau hormaren artean, kaiola baten mundutik isolatuta, animalien antzera esnatuko bagina?

Hori horrela, hiru pertsonaia azalduko dira Zaraiara bertaratzen den publikoaren aurrean. Hiru emakume, munduko gizon-emakume guztien zertzelada txiki bat. "Nork daki, agian ikusleak horietariko batekin identifikatuko dira, eta beraien bizitzako alderdiren baten gainean gogoeta egingo dute". Hala adierazi dute 2007an sortu zen Atakados konpainiako kideek.

Oro har, beldurrei aurrez aurre begiratu barik munduan dabiltzan pertsonaiak ezagutuko dituzte ikusleek Zaraian datorren eguenean. Baina, beldurrak beldur, umorerik ez da falta izango, "komedia surrealista da eta".

Haurrentzako emanaldiak

Eguenekoa, baina, ez da Aretxabaletan ikusi ahal izango den antzezlan bakarra izango, irailean zehar beste bi emanaldirekin gozatu ahal izango baitute; kasu horietan, etxeko gaztetxoek.

Izan ere, umeentzako saioa izango da hilaren 15ean ikusi ahal izango dena. Kukubiltxo taldearen eskutik, Leihoak mundura. Lore eta Pupu lanak fantasiazko mundura eramango ditu ikusleak. Bi pailazo txikiek, mundua deskubritzeko gogoz eta Lagun txakurra bidaia-lagun dutela, ipuinak kontatuko dituzte, 17:00etan hasita.

Azkenik, irailaren 22an, ordu berean, pailazokeriak nagusituko dira. Hala, Gari, Lontxo eta Joselontxok Kontxo, Kontxo ikuskizunaren bitartez irri bat marraztuko dute ikusle bakoitzaren aurpegietan.

Ordubeteko saioan esketxak eskainiko dituzte, euren esanetan: "Zirkuan ikusi ohi diren pailazokeriak", baina ukitu modernoarekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak