Mendizaletasuna eta festa nagusi domekan Kurtzebarri egunean

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko ira. 6a, 11:27

Berezia da Kurtzebarri aretxabaletarrentzako, eta, urtero-urtero, iraileko bigarren domekan ospatzen da Kurtzebarri eguna. Aurten ere herritar ugarik hartuko dute mendian gorako bidea festarekin bat egiteko.

Eta, urtero bezala, Murrukixo Mendi Elkarteak tontorreraino igotzen direnentzako egitaraua prestatu du. "10:30ean salda beroa hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek eta 11:00etan, berriz, meza izango da. Jarraian, mokadutxo batekin indarberrituko gara: txorizoa eta xanpaina egongo da denontzat!". Hala azaldu du Murrukixoko presidente Iñaki San Migelek.

Areantzakoak, 25 urte igotzen

Bestalde, Areantzako Agorreko Andramaixek urtero egiten dute bat Kurtzebarri egunarekin, eta, azken 25 urteotan bezalaxe, auzokoek tontorrerako bidea hartuko dute, eta igoera gidatua antolatu dute horretarako: Iturriko erromaran hasi, Intxaurbe, Uretza, Aretxu, Arditurri, Eguatxa, Intsinis, Sanjuan Iturri, Zaraixola eta Kurtzebarriraino. Bidean, gainera, bertako kontuen eta toponimiaren argibideak emango dituztela adierazi dute antolatzaileek.

Eta behin Kurtzebarri gainera iritsita, ohiturari jarraituz, talde argazkia aterako dute. "Aurten 25. urteurrena dela eta, gura duten guztiei egiten diegu dei gurekin argazkia egin dezaten". Hala azaldu du Julen Abasolo auzotarrak.

Ipurdi gainean behera

Eta igo ostean menditik jaisteko ordua iritsita, Areantzakoek modu berezian egiten dute maldan behera. Tarte baten bakarrik bada ere, ipurdi gainean labanderan egiten dituzte hainbat metro, eta aurten auzokoei bakarrik ez, modu bitxi hori probatu gura duten guztiei egin diete dei parte har dezaten.

Murrukixoko presidenteari parte hartuko ote duen galdetuta, hauxe adierazi du: "Elkarteko batzuk lanean egongo gara eta ezinezkoa izango dugu, baina, hala ere, jendeak parte hartuko duelakoan nago".

Eta Abasolok ere domekan Kurtzebarrira bertaratzen diren guztiak animatu gura ditu, Areantzakoek erronka ipini baitiote euren buruari: "Duela 25 urte igo ginen aurrenekoz auzokook Kurtzebarrira, eta, zerbait berezia egin nahian, erronka hartu dugu gure gain: baietz 100 lagun jaitsi ipur gainean labanderan. Parte hartu gura izanez gero, 12:15ean Zaraixolatik Hirupagoetara bidea egigo dugu, 180 metroan. Praka luzeak ekarri, eta ongi pasa!".

Aspaldiko ohitura jarraituz

Azken urteetan 10-15 lagunek hartu izan dute parte Kurtzebarri egunean mendian behera. "Jolas antzean edo mendian behera azkarrena izan guran-edo hasi zen ohitura, zehatz ez dakit. Baina gure aurrekoek ere egiten zuten". Abasolok aditzera eman duenez, duela 50-60 urte ere egiten zen; On Simon apaizaren garaian, esaterako, auzoko mutikoak haren sotana gainean jarri eta denak batera jaisten ziren".

(Oharra: Eguraldi txarra egin ezkero, bertan behera geratuko da ipurdi gainean labanderan jaisteko ekimena)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak