Markel Uriarte: "Tourmaleta gurpil bakarraren gainean igo nahi dut datorren urtean"

Xabier Urtzelai 2013ko ira. 6a, 11:00

Markel Uriarte aretxabaletarrak talde ofizial baten babesaz korritu ahal izan du aurten, Orbea Meribel Enduro Crew taldeaz. Baina bizikleta gaineko jarduna ez du lasterketetara mugatzen, iraileko azken asteburuan egingo duten Aretxabaletako mendi bizikleta martxa antolatzen dabilelako buru-belarri. Eta, 2014rako ere badu erronka, izenburuan irakurri duzue (argazkiak Aritz Gordo).  

Zelan joan da denboraldia?

Ondo, gustora ibili naiz. Oraindik hainbat lasterketa geratzen zaizkit, baina gehienak korritu ditut. Asturiasko Openean bi lasterketa irabazi nituen, udaberrian lokatz handia izan dugulako, eta ni lokatzetan ondo moldatzen naizelako. Eta beste hainbat lasterketetan ere podiumera igo gara. Espainiako Openean, ostera, asteburuan Galizian egingo duten azken lasterketa. Denboraldian zehar lehen hiru sailkatuen artean egon naiz, baina azken lasterketan ez nuen batere zorterik izan, gurpila zulatu lehenengo, ondoren gurpila bera apurtu... Eta podiumean egoteko aukera galdu dudanez ez dut Galiziaraino joateko asmorik, Pirinioetara joateko aprobetxatuko dut, han beste lasterketa batzuk daude-eta.

Orbeak ateratako taldean egoteak erraztasun handiak emango dizkizue, baina zuen partetik ere jarri egin behar.

Bai. Batzuek usteko dute profesionalak-edo garela, baina ez, ez... Bidaiak ere guk ordaintzen ditugu. Hori bai, Orbeak materiala uzten digu, material onena, eta baliabide asko. Gainera, talde bateko partaide gara, eta hori ere polita da... Oso esperientzia ona izaten ari da. Esaterako, taldeak World Series-eta korritzeko lizentzia du, hau da, Munduko Lasterketa onenetan egon gaitezke, eta hori gauza ederra da, talde ofizial batean egon ezean ia ezinezkoa delako halakoetan izena ematea. Baina esaterako, Suitzara korritzera joateko baliabideak behar dira, lauzpabost egunetarako joatea komeni da, ibilbidea ezagutu... Eta atzean gastu batzuk daude. Aurten Espainiako eta Frantzia aldeko lasterketetan ibiltzea erabaki dut, baina badut halako proba batean parte hartzeko gogoa.

Alpeetan ere izan zineten, ikusentzuteko bat grabatzen.

Bai. Aipatu moduan taldeak baliabide asko jarri ditu, argazkilariak, kameralariak... Taldean 5 rider gara, baina beste talde bat ere badu Orbeak, eta lagun asko batzen ditu. Alpeetan Meribelen izan ginen bideoa grabatzen [goiena.net atarian ikusgai] eta paraje ederrak daude han. Neguan eski estazio moduan funtzionatzen du, baina udan beste kirol jarduera batzuk bultatzen ari dira, eta mendiko bizikletan ibiltzeko paraje ederrak ditu. Oso esperientzia ederra izan zen.

Eta trukean, zer da Orbeak eskatu dizuena?

Ez digute aparteko eskaerarik egin, proiektu honekin konpromisoa erakustea, ez gehiago.

Materiala, kasu honetan bizikletak, garatzen joateko modu ona da zuena moduko talde bat sortzea, zer eta nola hobeto daitezkeen gauzak jakiteko.

Bai. Tarteka egiten ditugu test-ak, eta gure iritzia ematen diegu Orbeako ingenieriei. Eta, material berria ere probatzen dugu. Gainera, ez da gauza bera bizikleta buelta batean materiala probatzea, ala lasterketetan; konpetizioan askoz ere gehiago estutzen ditugu bizikletak.

Lasterketez gain, beste erronka batzuk ere badituzu buruan. Badakigu aurten hainbat lankiderekin apustu bat izan duzula...

Lantokian sortu zen dena, Udala auzora zeinek igo azkarrago, horixe izan zen apustua, eta nik gurpil bakarraz igo behar nuen, caballitoa-a eginda. Apustua irabazi egin nuen, baina bizikletan apur bat dabiltzanek irabazi egin ninduten [Barre], hainbat lagun joan ginen-eta.

Eta datorren urtera begira, halako erronka berezirik?

Gauza bera egin nahi dut, baina denbora luzeagoan. Hau da, atzeko gurpilean Tourmaleta igo. Bestela, Luz Ardiden moduko mendate bat. Horretarako, baina, bi hilabete hartu behar ditut ondo entrenatzeko, sorbaldendako oso nekagarria delako. Gustora ibiltzen naiz atzeko gurpilean, eta erronka polita da. Baina behin haraino joanda, ondo egiteko izan dadila. Gutxienez bi ordu beharko ditut Tourmaleta igotzeko, eta hemen auzorik auzo ibili beharko naiz hori entrenatzen [Barre]. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak