Agorreko Andramaixetan murgilduko da Areantza asteburuan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko irailaren 4a

Agorreko Andramaixak ate joka daude. Asteburuan Areantzako bizilagunak jaietan murgilduko dira eta zer egin izango dute; tartean, Kurtzebarrira igoko dira domekan, Kurtzebarri Egunaren harira.

Asteburuan ospatuko dituzte Areantzan Agorreko Andramaixak. Kanpai joaldiak iragarriko du jaien hasiera, 19:30ean. Segidan, 20:00etan hasita eta ohiturari jarraituta, tantaia igoko dute Iturriko erromaran. "Afaltzera elkartzen garenon artetik taldetxo batek igotzen dugu, eta ondoren, Martin Kabarrixa zintzilikatzen dugu bertatik eta domekara arte bertan egoten da, jaik amaitu arte".

Eta egubakoitza amaitzeko, auzo-afariaren ostean, Iñigorekin dantzaldia egingo dute.

Zapatua jolasteko eguna

Txistulariek edukiko dute zapatua iratzartzearen ardura dianarekin, 10:30ean, eta egunean zehar egiteko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Eguerdian meza esango dute, eta Basotxoko kantu zaleek lagundutako zeremonia izango da. Eta eliza kanpoaldean meza osterako luntxa prestatuko dute antolatzaileek. "Trikitiaz girotuta egongo da eta bertako produktuak jateko: txorizoa, sagardoa, gazta, tortillak...".

Jolasen ordua izango da ondoren; 28. Jinkana egingo dute 13:45ean. Arratsaldean, Arientzako jolasak, eliza ondoan, 17:45ean. "Paperezko hegazkinen lehiaketa egingo dugu, esaterako; sari polita dauka, gainera, Kurtzebarritik parapentean botatzea".

Domekan emango diete amaiera Agorreko Andramaixei. Goizean Kurtzebarri Eguna dela-eta, urtero bezala mendira igoko dira, ohiturari jarraituz argazkia atarako dute eta ostean, ipur gainean labanderan jaitsiko dira mendian behera.

Eta 14:00etan Martin Kabarrixa pertsonaia zuhaitzetik jaitsita agur esango diote aurtengo Agorreko Andramaixei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak