Ilunabarrak Cadizko hondartza ederretan

Gorka Etxabe 2013ko abu. 28a, 09:00

Euskal Herritar askok aukeratzen dute Cadiz uda igarotzeko, eta ez da harritzekoa. Klima zoragarria, hondartza ederrak, jende jatorra eta askotariko aukerak. Aurten deskubritu dut nik Andaluziako kostalde tarte hau. Aurretik Huelvan, Granadan, Sevillan eta Kordoban egondakoa nintzen, inoiz ordea Cadizen, eta izugarri gustatu zait. Bereziki hondartzak eta ilunabarrak dira ederrak. Gaueko bederatziak eta erdietan, eguzkia itsasoan barneratzen ikusteak ez du parekorik.

Baditu Cadizek euskaldunontzat erakargarriak diren ezaugarri asko. Klima da garrantzitsuena (izardi ttanttarik ez), jende jatorra (ho ju! beraiek dioten moduan), hondartza ederrak (La Barrosak zazpi km izango ditu) eta askotariko eskaintza gastronomikoa (bokeroiak, atungorria...). Hori guztia batuz gero, uda igarotzeko leku aproposa da Cadizeko kostaldea. Lasaitasun bila joan ginen eta baita lortu ere.

Abuztuaren lehenengo hamabostaldian izan ginen Chiclana eta Conil artean, La Barrosako hondartza ederrean, abuztuaren 1etik 15era bainujantzia kendu gabe. Ederra sentsazioa! Umeak ere pozik eta gure kasuan hori da garrantzitsuena. Lagunak ere egin genituen, Mikel, Gurutze, Bea, Manu, Iñaki, Amaia, guztien seme alabak... a ze koadrila ederra! Aurretik ezagutzen ez bagina ere, hondartzan eta hondartzatik kanpo une dotoreak igaro genituen elkarrekin.

Asko dago ikusteko eta egiteko Cadizeko kostaldean, baita barnealdean ere, eta nahiz eta turismo gehiegi egin ez... zenbait toki ezagutu genituen eta horien artean hiru aipatuko nituzke: Jerez de la Fronterako Real Escuela Andaluza de Arte Ecuestre, Conil eta bere arratsalde parteko giroa eta Cadiz -zilarrezko katilutxoa-.

Jerezko zaldi erakustaldia

Jerezen zaldien ikuskizun ederraz gozatu genuen, hori da hori dantza egitea! zaldi zein zaldunek ikuskizun ederra eskaini ziguten. Conilek, berriz, hondartza ederraz gain, badu Alde Zahar dotorea. Jende asko eta batez ere euskaldun asko gerturatzen da bertara. Debagoiendarrak ere nonahi. Atxabaltarrak, arrasatearrak, gasteiztarrak, bergararrak, elorrioarrak... guztiekin egin genuen topo Conileko kaleetan. Zilarrezko katilutxoak, berriz, badauka zer eskaini. Habanaren antza badu, batez ere itsasoaren kontrako malekoi ederrak. Alde Zaharreko tapeoa ere ederra da eta jendea oso jatorra.

Mila km inguru daude Euskal Herria eta Cadiz artean, eta guk joan zein etorri bi etapatan egin genuen. Lehenean Caceres ezagutu genuen (egon ez zaretenok benetan merezi du hiri-herri honek) eta itzuleran Salamanca (ederra hau ere, baina aurrekoa baino masifikatuagoa). Era berean gomendatzen ditut pare bat blog eta webgune, kusiosoa honako hau Euskadiz eta beste hau ofizialagoa Cadizen aurkitu dezakegunaren gainekoa eta beste hau ere ederra Jerezko zaldiena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak