Batukada? Izan daiteke... Zarata? Noski. Erritmoa? Sekulakoa! Zaila da Zo-Zongo taldea genero baten barruan sartzean. Kalea animazio moduan etorri dira, eta ederto animatu dituzte Aretxabaletako kale eta herritarrak. Probokazioa, jolasa, erritmoa, soinua eta zarata.. guzti horrekin, jendearen konplizitatea eskuratzea lortzen dute.
Egia da euskaldunok ez garela munduko dantzaririk onenak baina Kolpez blai ikuskizunaren erritmoa oso kutsakorra da eta txiki nahiz nagusiek gura gabe bada ere, mokorra mugitzen hasi dira. Hala ere ez da emanaldi klasiko bat. Taldearen helburua jendea animatzea da eta horretarako txantxak, jolasak, saltoak, hainbat susto... denetik egin dute. Egungo panorama grisa kolorez janztera etorri dira eta hori eskertzekoa da.