Leintz bailarako 75. itzulia inoiz baino borobilagoa

Imanol Gallego 2013ko abu. 16a, 17:55

131 txirrindulari, 12 talde, 115 kilometro... inoiz baino erantzun hobea izan du bailarako txirrindularitza froga beteranoak. Ibilbidea jendez bete da, eta Aretxabaletako Durana kalean jendeak gogotik txalotu ditu Rafa Marquezek irabazi duen esprintean sartu den txirrindulari taldetxoa.

Oso lasterketa bizia izan arren Lizarte taldeak hasieratik bukaeraraino kontrolpean izan du. Egia da ihesaldi gutxi batzuk egon direla, baina bizkor antzeman eta are bizkorrago indargabetu dituzte. Lehen bira lasaiago baten ostean Lizarte talde nafarrak bere erritmoa ezarri eta tropela guztiz desegin ez zen arren, 25 bat txirrindularik sortutako taldetxo bat sortu eta minutu pare batzuen aldea hartu dio multzo nagusiari.

Azken biran, istripu bat medio, tropela gehiago zatitu da eta esprint polita ikusi da Durana kalean. Lizarte taldeko Rafa Marquezek, lortu duen lehen postuarekin, zorte handirik izan ez duen urte bati agur esan dio. Cristian Cañadak lortu du mendiko lehen postua eta talderik onena lehen metroetatik gogor aritu den Lizarte izan da. 

Gure txirrindulariek ez dute zorterik izan

Azken bueltan, Mugarriko biribilgunera iritsi aurretik zenbait parte hartzailek istripu txiki bat izan dute. Azken une arte lehen postuetan egoteko aukerak zituen Iker Ezkibel ere lurrera joan, eta eskoriatzarrak podiumean egoteko zituen aukera guztiak galdu ditu. Hala ere, txirrindulari gaztea pozik zegoen lehen debagoiendarra izateko egindako lanarekin.

Omenaldi ugari

Antolakuntzak Jose Angel Arkauz omendu nahi izan du lasterketaren alde egindako lanarengatik baina hau ez da omenaldi bakarra izan. Manolo Zubillagak ere, sorpresa modura, bere omenaldian jaso du. Txalo artean asko hunkitu dela aitortu digu, "ez nuen espero, dena den, gauzarik onenak txirrindularitza froga honek duen erantzun ikaragarria da". Ziur honezkero Zubillaga hasi dela hurrengo urteko lasterketaren prestakuntzari hainbat buelta ematen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak