Ehundik gora txirrindulari espero dituzte egubakoitzean Aretxabaletan

Ubane Madera 2013ko abuztuaren 13a

Aretxabaletako jaietako klasiko bat Leintz bailarako txirrindulari itzulia izaten da. Eta aurten ere egin diote lekutxoa Andramaixetan: egubakoitz goizean, hain justu. Berezia da, gainera, aurtengo edizioa, 75. urteurrena duelako lasterketa horrek. Eta urteurren hori ospatzeko, bertan lehiatuko diren txirrindulariendako sari bereziak prestatu dituzte antolatzaileek. Eta horrez gainera, Euskadiko  Federazioko ordezkariak Aretxabaletan izango dira, lasterketaren ostean oroigarri bat emango dietelako 75. urteurren horren harira.

Baina berezitasunak aparte lagata, txirrindulari itzuli horren klasikotasunera bueltatuko gara. Izan ere, herriko jaietan klasiko izateaz gainera, txirrindularien artean ere klasikoen artean dago sailkatuta Leintz ibarreko lasterketa hori. Eta horren adierazle da antolatzaileek 100dik gora txirrindulariren partaidetza espero dutela egubakoitzean. Eta ez edozelako txirrindulariak, gainera, baizik eta Euskadin, afizionatu mailan dabiltzan talde onenetako txirrindulariak.

Ibilbideari dagokionez, 115,5 kilometrokoa prestatu dute. Guztia ere Leintz ibarrean egin beharrekoa: Aretxabaletako Durana kalean hasi, eta hainbat bider Eskoriatza, Gatzagatik eta Aretxabaletatik pasa ostean, atzera ere Aretxabaletako Durana kalean bukatuko dena.

Omenaldi berezia

10:00etan abiatuko dira lasterkariak, eta 12:30 pasarako iritsiko dira helmugara. Eta arnasa apur bat hartu eta indarrak berreskuratzen dituzteneko tarte hori aprobetxatuko dute antolatzaileek lasterketa klasiko horretan urte luzez zeresan handia izan duen pertsona bat omentzeko: Jose Angel Arkauz.

Manolo Zubillagak, Leintz Bailarako txirrindulari lasterketako antolatzaileetako batek ondo gogoan du Arkauzek hogei urtetik gora eman dituela Aretxabaletako kultura eta kirol kontuetan laguntzen, eta adierazi du omenaldi "emotiboa" egingo diotela egubakoitzean, sentimenduz betetakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak