Gazteek jaietarako antolatzen dituzten ekitaldien artean ohikoak izaten dira kontzertu, bazkari, poteo, umeendako jolas… eta antzekoak. Aretxabaletakoek ere hala egin dute, martitzenean hasi eta zapatura arteko egitarau mardula prestatuz. Baina ekitaldi klasikoekin batera, berezitxo batzuk ere prestatu dituzte aurten, umorez jantzitakoak.
Kabina, oh kabina!
Batetik, prozesioa egingo dute. Egubakoitzean goizaldeko hiruretan. Eta gurtzeko ikur bi aukeratu dituzte: "Kabina horren famoso egin denez, omenalditxo bat egingo diogu", azaldu du Gari Igartuak, Txosna Batzordeko ordezkariak. Kabinarekin batera, gure pantanoetan horrenbeste buruhauste eragiten diharduen Zebra Muskuilu Juniorrak ere gurtuko dituzte prozesio horretan.
Mozkorra: jakia eta jaietako abilidadea
Eta prozesioa bera berezi askoa izateaz gainera, berezia izango da, baita ere, Aretxabaletako txosnagunea. Beste urte batzuetakoarekin alderatuta txosna bakarra barik, bi jarriko dituztelako, eta gainera, txosnaguneak filosofia jakina izango duelako: "Txosnagunean ortuen, auzolanaren… filosofiarekin bat egin, eta zela Aretxabaletan badugun bertako tomatea eta Mozkorra deitzen den eta hori den jaietako gure beste abilidade bat, mozkortzea, bada dena uztartu dugu", azaldu du Igartuak.
Aretxabaletako harresia
Eta beste ekitaldi bat ere nabarmendu gura izan dute gazteek: "Atxabalta harresixa". Izen horrekin Aretxabaletako harresiarekin lotura duen ekitaldi sorpresa bat egin gura dute. Eguaztenean izango da, 21:00etan, Urbaltz pareko eskaileretan. Hain zuzen ere, Aretxabaletako harresiari zor diote gazteek atera duten jaietako zapiek euren kolore laranja.