'Mozkorraren' igoera eta Bebe, Aretxabaletako Andramaixetan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko uzt. 26a, 13:06

Ofizialki abuztuaren 14tik 17ra ospatuko dira Andramaixak aurten; dena dela, Aretxabaletako Gazte Ekimeneko kideek hilaren 13an emango diete hasiera herriko jai nagusiei.

Andramaixen aurreneko minutuak gazteenak izango dira. "Aurten mozkorra tomatearen igoera egingo da txupinazoaren ostean eta jarraian, batukada". Batukadan gura duten guztiek har dezakete parte. "Entseguak udaletxe zaharrean egiten ditugu eta edozeinek har dezake parte".

AGEtik aditzera eman dutenez, berezia da aurtengo urtea; izan ere, 10. aldiz ipiniko dute txosna, gazte ekimenetik: "Aurten Ernaik ere ipiniko du berea, eta, gainera, karpa bat ere egongo da".

Kontzertuak ere antolatu dituzte. "Hilaren 13 eta 14an herriko taldeek izango dute jotzeko aukera: Krisis, Ikara, Freedom Boys taldeek, esaterako". Eta jaien azken egunean, Zopilotes Txirriaos talde nafarra arituko da, hirugarren urtez.

Ekintza bete zaku jaietan

Baina ofizialki hilaren 14an 19:00etan emango zaie hasiera festei, ikurrinari agurra eginda. Eta hortik aurrera jaiak ez du etenik izango, adin guztietarako egitaraua prestatu baitute.

Mus eta bolo txapelketak, pilota partiduak, sokamuturra, herri bazkari eta afariak... eta musika. Esaterako, Amaia Txintxurreta DJak, Milagroko Bandak eta Izargi taldeak doinuz josiko dituzte herriko kaleak.

Gainera, artista gonbidatu ospetsu batek ere joko du Andramaixetan: Bebe abeslariak bisitatuko du Aretxabaleta eta dantzan ipiniko ditu ikus-entzuleak hilaren 15ean Herriko Plazan eskainiko duen kontzertuan.

Txirrindulari probak 75 urte

Leintz bailarako txirrindulari probak data berezia bizi izango du: 75. aldiz egingo dute lasterketa hilaren 16an, 10:00etan hasita. 115,5 kilometro izango ditu 23 urtetik beherako elite mailako txirrindularien lasterketak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak