Aitor Rodriguesekin elkartasuna, Spat onena izan zen torneoan

Xabier Urtzelai 2013ko uzt. 22a, 17:35

"Afari on bat egin beharko dugu, eta Portasolgo jaietan buelta bat eman", zioten Spat taldeko ordezkariek zapatu iluntzean, Doble Ceroren kontra Koadrilen Arteko Txapelketako finala irabazi ostean. Parrandarako gogoa geratzen zitzaien, nahiz eta berdegunean paliza ederra hartu zuten. 

Egin zuen beroaz, ondo hidratatzeko eguna izan zen: "Berdegunea hirutan ureztatu behar izan dugu, baina hala ere... Eguerdian sekulako beroa egin du, eta jendea ura edan eta edan ibili da. Beno, ura, eta baita beste edateko batzuk ere...", zioen barrez antolatzaile lanetan ibili zen Zangituk. 

Pentsatuko duzue uztaileko lagunarteko torneo batean halaxe joan zela eguna, katxondeoan, baina ez. Berdegunean broma gutxi izan zen, tartean federatutako jokalari asko ikusi genituen, Mondrakoak, UDAkoak... Eta ligan baino seriotasun handiagoaz ibili ziren asko: sarrera gogorrak, intentsitatea, faltak egiteko beldur gutxi, eta irabazteko nahia, besteak beste, 600 euro zeudelako jokoan.  

Eskerrak finalean euria egin zuen, ordurako nekea jokalarien hanketan pilatzen zebilen-eta. Hala, SPAT taldeko Iker Sanchezen eta Aitor Perezen golei esker [UDAko jokalariak biak] irabazi zuen SPATek finala, eta Doble Cerok ezin izan zuen uztaileko torneoetan dobleterik egin. 

Aitor Rodriguesi animoak 

Txapelketako une bereziena 13:00etan bizi ahal izan genuen, atseden hartzeko geldialdia egin, eta aste barruan Bergarako enpresa batean lan istripua izandako Aitor Rodriguez gogoan izan zutelako. Seguru, Mondrako jokalariak ondo errekuperatzeko bidean lagungarri izango dituela irudiok, pankarta handi batekin talde erretratua atera zuten, eta talde guztietako ordezkariek mezuak idatzi zizkioten UDAko elastiko batean. Ondo errekuperatu dadila Arrasateko gaztea.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak