Bisitari asko Copreciren ate irekien jardunaldian

Txomin Madina Milikua 2013ko uzt. 22a, 18:34

Aretxabaletako Copreci lantegian bisita bereziak izan dituzte gaur. Ez dira izan atzerritik etorri diren bezeroak, ezta erakunde publikoetako ordezkariak ere. Gaur lantegiko bazkideen senitartekoak, lagunak eta aretxabaletarrak egon dira lantegian, kooperatibaren 50. urteurrena dela eta ate irekien jardunaldia egin dute-eta. Janariaren eta musikaren bidez, Coprecik nazioartean duen presentzia ere nabaritu da.

Aurreikusita zegoen legez, 11:00etan hasi dira Aretxabaletako Copreci lantegian egin dituzten bisita gidatuak, eta lehen momentutik, asko izan dira kooperatiba barrutik ezagutzera joan direnak. Langileen familiakoek eta lagunek bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte lantegiaren gune ezberdinak, baita Coprecin zer eta nola egiten den ezagutu ere. Bazkideak eurak izan dira senar edo emazteei, guraso edo seme-alabei euren lan lekua erakutsi dietenak, eta bisitariek adi jarraitu dituzte azalpenak. Etxeko txikientzat gainera, gidari bereziak izan dira, Katiuska eta Natxin pertsonaiak, hain zuzen ere.

"Askotan guk hemen egiten dugun lana zein de azaltzea ez da erraza, errazagoa da mediku edo abokatu batek egiten duena azaltzea. Horregatik ideia ona da etorri eta ikustea", zioen seme-alabekin, emaztearekin eta familiarekin lantegia ikusten ibili den Oier Etxeberria langileak. Baina lantegia ezagutzen ez zutenak bakarrik ez, lantegia aspaldi utzi zutenak ere egon dira gaurkoan bisitan. Urtetan bertan ibili ostean, duela bederatzi urte hartu zuen erretiroa Arantza Garaik eta gaur bere lan lekua izan zena ikusten zegoen:"Termostatoan lan egiten nuen, eta orain asko aldatu da: lehen eskuz egiten genuen, eta orain dena automatizatuta dago; oso ondo dago".

Nazioarteko ukitua

Baina ikuskizuna lantegi barruan bakarrik ez, kanpoan ere egon da. Hasteko, eraikinean Coprecik presentzia duen herrialdetako banderak eskegi dituzte: Turkiakoa, Mexikokoa, Italiakoa, Brasilgoa, AEBtakoa... Eta eguerdi partean gosea sartu zaionarendako, herrialde horietako janak eta edanak egon dira aukeran. Baita herrialde horietako musika ere: Mexikoko Guadalajara hiriko Esencia de Jalisco mariatxi taldekoek girotu dute-eta ekitaldia. Umeek ere ez dute aspertzeko astirik izan, eskulanak, puzgarriak eta zezen mekanikoa egon dira-eta eurentzat. 50. urteurrenaren harira kooperatibako langileek egin dute Lantegixa herri kantuaren bideoklipa ere eman dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak