'Lantegixa herri' abestia eta bideoklipa Copreciren 50. urteurrena ospatzeko

Goiatz Arana Begiristain 2013ko uzt. 17a, 19:27

1963an Aretxabaletan sortutako kooperatibak 50.urteurrena ospatzeko ekitaldi ugari antolatu ditu urtean zehar eta oraingo zapaturako aretxabaletar guztiekin konpartitu nahi duen bat prestatu du: ate irekien jardunaldia egingo du Copreci kooperatiban bertan. Jardunaldi horretan aurkeztuko ditu, hain zuzen, 'Lantegixa herri' bideoklipa eta kantua, era ofizialean; Copreciko langileek egin dituzte.

Copreci osatzen duten edo historian zehar osatu duten ia 20 lagunek parte hartu dute Lantegixa herri bideokliparen eta kantuaren grabazioan. Abestia "50.urteurrena ospatzeko eta fundatzaileen lana onartzeko" sortu dute. Abestia Mutrikuko AME Estudioetan grabatu zen eta bertan egin ziren nahasketak ere. Bideoklipa, berriz, Aretxabaletako toki ezberdinetan eta lantokian grabatu zen, besteak beste; Urkulun, Durana kalean eta Gipuzkoa Plazan.

Lan guztiaren koordinazio eta zuzendaritza 50.urteurreneko Batzordearena izan da eta Arteman Komunikazioaren lantaldearen kolaborazioa ere izan dute. Musikariak, gehienak Copreci kooperatibako lan-bazkideak, urte hasieran hasi ziren proiektua garatzen, kantua egiten, bilera eta entseguak burutzen... eta emaitza dagoeneko ikus dezakegu: Lantegixa herri.

Bideokliparen haria Copreciren bihotza da, "munduko milioika etxetresna elektrikotan dagoen bihotza, milioika etxebizitzatan dagoena eta, bereziki, Copreciko gizon eta emakumeen organo bitala bilakatu dena".

Ate irekiak zapatuan

Bideoklipa zapatuan, hilak 20, aurkeztuko dute era ofizialean, ate irekien jardunaldian bertan. 11:00etan hasiko dira ekitaldi nagusiak. Lehenengo eta behin, herritar orori zabaldutako ate irekiak izango dira. Ondoren, 11:30ean, umetxoen txanda izango da, eta eurek ere bihotzen lantokia bisitatzeko aukera izango dute: "Antzerki, ipuin... Copreciko langile batek prestatu du ekintza", azaldu dute.

12:00etatik aurrera, lantoki kanpoko aparkaleku handian txosna irekiko dute, eta munduko gastronomiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek: Mexikoko natxoak, Turkiako kebab ederra, Txinako ahate deliziak, Italiako gazta parmesanoa, Brasilgo arroz entsaladak... Eta edariak ere ez dira falta izango: Txekiako garagardoa, arabar Errioxako ardoa, sagardoa, txakolina... 

Antolatzaileen nahia da herritar guztiak bertaratzea eta guztion artean, lantegixa herri bilakatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak