Saskibaloi zaleek esklerosia dutenekin bat egin dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko uzt. 15a, 18:45

Esklerosi anizkoitza dutenen alde, eta hain zuzen, horiei laguntzen lan egiten duen Ademgi elkartearen aldeko saskibaloi txapelketa arrakastatsua jokatu dute aste bukaeran Aretxabaletan. Domeka arratsaldean, Euskal Herri mailako elite mailako jokalarien txanda izan da. Zapatuan, aldiz, koadrilen arteko partiduak jokatu zituzten.

Zapatu arratsaldean herriko koadrilen txanda izan zen. 21 taldek eman zuten izena; horietatik 17 gizonezkoetan lehiatu ziren, nahiz eta talde batzuk mistoak izan. Gainontzeko lauak nesken txapelketan lehiatu ziren. "Jende asko etorri da partiduak ikustera. Plazan bost kantxa jarri ditugu, eta esan behar dugu kantxa bakoitzaren alboan ikusle asko izan ditugula", zihoen Gonzalezek. Ligaxka eran jokatu zituzten partiduak, eta ondoren talde bakoitzeko bi onenek final erdiak jokatu zituzten: mutiletan Bordinis Bergarako taldeak irabazi zuen txapelketa. Bigarren sailkatu zen Patxangas taldea. Nesketan, aldiz, Eskoitza taldeko neskak izan ziren onenak. Maila benetan ona erakutsi zuten.

Hirunako saskiratzeak

Zapatu arratsaldean hirunako saskiratze txapelketa jokatu zuten. Ander Gartzia izan zen onena –Jon Canoren aurretik; nesketan, aldiz, Maite Frailek irabazi zuen hirunako saskiratze txapelketa –bigarrena Eneritz izan zen.
Sari banaketa ekitaldian Maria Luisa Ustarroz Ademgiko presidentea eta Aretxabaletako La Caixako zuzendaria izan ziren. Oroigarria eta ardo botila jaso zuten lehenengoek. Zapatuan afari herrikoia egin zuten: 65 lagunek parte hartu zuten afarian. Bertsolariek girotu zuten afal ostekoa.

Bero handia egin zuen

Aste bukaera osoan bero handia egin du. Horrek, baina, ez du eraginik izan jendeak txapelketan parte hartzeko. Bai bailarako eta baita bailaraz kanpoko jende askok parte hartu du txapelketan. Beroak, eragina izan du, ordea,  jokalariengan. Zapatu goizean neska batek lipotimia izan zuen. Bestelako lesio txikiak ere izan dituzte: mutil batek, esatera, sorbaldan min hartu zuen zapatu arratsaldean.

Koadrila arteko lehiak

Giro benetan berezia eta polita zapatu arratsaldean izan zuten. Herriko eta bailarako koadrilen txanda izan zen. Batzuek ondo eta beste batzuek ez hain ondo jokatu arren, ondo pasatzea izan zen denen asmoa. Horren harira, Aretxabaletako Iker eta Gilenek, barrezka, zera esan ziguten: "Gaur arratsaldea koadrilendako zen, baina profesionalak etorri dira! Horien txanda bihar da!". Ikerrek eta Gillenek esandakoa Gorka Kintana, Aloña Mendiko jokalariari esan genion. Honek, barrezka, zera erantzun zigun: "Ni gaur koadrilakoekin etorri naiz, eta lehia guztiak galdu ditugu. Hortaz, profesionalak ez dakit ba nortzuk izango diren...!" Kontuak kontu, ondo pasatzea eta Esklerosia dutenendako dirua batzea izan zen helburu nagusia denendako.

Zuhaitz Gonzalezek, Gorka Alarciak eta Asier de la Iglesiak antolatu dute txapelketa, La Caixaren babesarekin. Antolatzaileak gustura daude txapelketak izan duen erantzunarekin: "Ez dugu sari handirik banatu, hala ere jendea txapelketa jokatzera etorri da. Horrek esan nahi du konpromiso handia erakutsi dutela jokalariek".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak