Jende gutxi baina ibilbide polita txondorren historia ezagutzeko

Jagoba Domingo 2013ko uztailaren 14a

Dozena bat pertsona bildu dira Aretxabaletako Herriko Plazan, herriko 82. kilometroan, garai bateko txondorrak non egiten zituzten ikusteko. Loramendi elkartekoek gogora ekarri bezala, bigarren saiakeran egin dute ibilbidea; berez ekainean egitekoak ziren, baina eguraldi kaxkarra zela-eta, gaur egin dute azkenean.

Espero baino herritar gutxiago animatu dira; hala ere, gogotsu hasi zuten 9:00etan 15,5 kilometro inguruko ibilaldia. Hasteko, Peñakulo-n dagoen Boliña-Azpi baserriraino autoz igo dira, eta hortik Kurtzebarri aldera egin dute. Ondoren, Ugaztegi ingurura iritsi eta bertatik Urkulura jaitsi dira.

Txondorren bueltan

Bidean, baina, hainbat geldialdi egin dituzte, txondorrak zeuden lekuetan, eta, horietan, ikazkintzaren inguruko kontuak izan dituzte berbagai. Loramendi elkarteko toponimia taldeak antolatu du ibilbidea; horren aurretik, baina, txondorren eta ikazkintzaren inguruko hitzaldiak egin zituzten, Fermin Pasamar, Jose Luis Madinabeitia eta Antonio Urkia txondorgileekin.

Jende gutxi baina pozik

Antolatzaileek pozik amaitu dute eguna, jende gutxi animatu bada ere. Aretxabaletan beste hainbat ekintza egon dira gaur, eta horrek zerikusia izan duela diote. Euren ustez orain arte egin duten ibilbide politena izan da, aurrekoak historikoagoak izan arren, gaurkoan paisaia ederrez gozatu dutelako. Beraz, etxera nekatuta baina jakintsuago iritsi dira ikazkin berriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak