Esklerosi anizkoitzaren alde, saskibaloi txapelketa

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko uzt. 12a, 12:30

Asteburuan hirunako saskibaloi txapelketa egingo dute esklerosi anizkoitza dutenentzat dirua biltzeko. Gaurtik domekara bitartean lehiaketa solidarioa burutuko dute hainbat taldek Aretxabaletan. Baina saskibaloiaz gain, puzgarriak egongo dira eta afaria ere egingo dute, besteen artean.

Asteburuan hirunako saskibaloi txapelketa egingo dute herrian esklerosi anizkoitza dutenen alde dirua batzeko. Asier de la Iglesia gaixotasuna duen saskibaloi jokalaria antolaketa lanetan ibili da eta GOIENAri aditzera eman dionez, garrantzitsua da horrelako ekimen bat ibarrean egitea, "beti egiten baitira hiriburuetan".

Aisiaz sentsibilizatzen

Aisialdiaren bidez nahiko ezezaguna den gaixotasuna gertukoagoa izatea bilatuko dute, De la Iglesiak azaldu moduan: "Jendeak esklerosia zer den jakitea garrantzitsua dela uste dut eta saskibaloiaren bidez bizi kalitatea hobetzeko baliatuko den dirua batzeko aukera edukiko dugu".

Toki askotariko jendeak egingo du bat ekimenarekin. "Badakigu, esaterako, Donostia aldetik zein Gasteizetik etorriko dela jendea. Gustatuko litzaiguke Debagoieneko jende gehiagok izena ematea".

Iritzi berekoa da ekimena antolatzen ari den Gorka Alartzia ere; ibarreko jendea animatu gura izan du asteburuan txapelketan parte hartzera. "Ez du axola saskibaloian jokatzen dakigun ala ez, garrantzitsuena ekimenaren izaera solidarioa eta ongi pasatzea da. Parte hartzaile bakoitzeko, 10 euro ematen zaizkio Ademgi elkarteari". Egunean bertan eman ahal izango da izena.

Saskibaloia baino gehiago

Herriko Plazan eta kaleetan giro polita sortuko da. Benjaminek, alebinek eta infantilek irekiko dute jardunaldia gaur, 16:00etan hasita. "Nesken eta mutilen taldeak arituko dira. Eta Baskoniaren maskota Aker ere etorriko da arratsaldean". Bihar, kadeteek eta gazteek jokatuko dute goizean; arratsaldean Aretxabaletako kuadrillen txanda izango da. Domekan aldiz, Euskal Herriko jokalariz osatutako eliteak jokatuko du.

Baina saskibaloiaz gain, bestelako ekintzak ere antolatu dituzte gaur hasiko den asteburu solidarioan egiteko. "Gaurtik domekara lau puzgarri ipiniko ditugu Herriko Plazan eta domeka goizean, gainera, beste hiru herrian zehar. Buruhandiak eta erraldoiak irtengo dira domekan kalera, asteburua borobiltzeko asmoz. Horrenbestez, etor zaitezte Aretxabaletara!".

Egitaraua

Uztailak 12
16:00: Benjaminak, alebinak, infantilak.

Uztailak 13
09:00: Kadeteak eta gazteak.
16:00: Aretxabaltako kuadrillak (senior maila).

Uztailak 14
16:00: Euskal Herri mailako elite maila.

Gainera: Egunero puzgarriak plazan. Zapatuan afaria egiteko aukera egongo da eta bertsolariak arituko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak